Iñigo Aranbarri.

Kalkulua

2025eko maiatzaren 25a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako preso politikorik zaharrena, hara, zaharra da baina ez europarra. Georges Ibrahim Abdallah 40 urtez goiti daukate gatibu Frantzian. Libanoarra sortzez, laikoa eta marxista, eskola maisu zen Bekaa haranean 70eko hamarkadan herrialdea gerran zela. Nahasia da garaia, Arafaten PAE ere Libanon da eta Abdallah Palestinaren Askapenerako Herri Frontean sartua dabil. Handik zenbait urtetara, Lyonen dela, aljeriar pasaporte faltsua duelako atxilotu dute.

Hala hasiko da trinkotzen Abdallahren inguruko mataza judiziala. Frantziak hitza emanagatik berehala askatuko duela, lau urtera zigortu dute 1986an. Urtebete daramala kartzelan, eta berak beti ukatu izan badu ere, estatubatuar aholkulari militar baten eta Mossadeko ofizial baten hilketan konplize izana leporatu diote. Fiskalaren hamar urteko eskaera bizi arteko zigor bihurtu zuen epaileak.

Ordutik, dena da helegitea eta atzeratzea. 99tik behar zuen kalean, hala erabaki dute hamaika bider frantziar tribunalek, baina lehenago Reaganek bezala Hillary Clintonek gero, Estatu Batuek estu hartu dute aska ez dezaten. Egun, dinamikak bere horretan segitzen du eta Abdallah bahitua sinbolo bilakatua da. Annie Ernaux Nobel sariduna bera ere ahoan legarrik gabe mintzatu da: «Frantziako justizia lotsarazten duen biktima da Abdallah».

Esatea badago, justizia bermatzailearen izenean, egin duenak ordaindu beharra duela. Kalkulagailua atera dut. Frogarik gabeko bi hilketagatik 40 urte badira, zenbat ote dira 60.000 pertsona hiltzeagatik? Eta genozidio horretan konplize izateagatik? Hurrengo Big Bang arteko zigorra behar lukete gure mundu zibilizatuko agintari eta enpresari askok.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.