Dragoi Bola Z, hi Son Gohan aupa, Dragoi Bola Z, gaizkileen aurka...». Son Goku ikusiz hazi ginen gu. Ez geneukan besterik burutan. Eskolara joan aurretik kola-kau-a irentsi egiten genuen, erlojuari aurre hartu eta soberan geneuzkan bizpahiru minutuetan, begi puztuei gozatu bat emateko. Arratsaldeetan izaten zen gurean bekatuan ibili gabe Son Goku ikusteko aukera. Begeta beste behin, nola menderatzen zuen ikusteko aukera. Kame Hame Haaa... Olentzerotan Kinton lainoa eskatu nuen nik. Amesten genuen Super Sayan egoeran jarriko ginela inoiz. Tentetuko zitzaizkigula ileak, eta horituko.Akorduan ditut Bulma, Krilin, Freezer...
Beranduago etorriko ziren Doraemon Katu Kosmikoa, Hatori Ninja, Arturo Erregea, Ninja Dortokak. Geure unibertso propioa geneukan. Euskal mundu fantastikoa. Superbat, pila bat.
Nafarroako etxeetan bi mando izatera derrigortu gaituzte. Bata berria, LTDa pizteko. Bestea zaharra, mintzo eta sentipen arrotzeko Cro-Magnonok ETB 1 eta ETB 2 analogikoan ikus ditzagun. 45.000 euroko isuna jarri berri zaio estraperloko antena baten bidez, LTDn euskaraz bizitzeko aukera izan genezan amestu zuenari.
Ez zaharrean, ez berrian. Nafarroako umeek ezin dute euskaraz marrazki bizidunik ikusi. Mando zaharrak ez baitaki zer den ETB3a. Guk bezalaxe, unibertso propio bat eraiki dute. Erdaraz. Bob Esponja buru. Eta ezin kalkulaturiko kaltea ari da eragiten. Erdaraz jaso eta euskara izan nahi lukeen erdaraz eman. Sinets iezadazue, aitona-amonen, gurasoen, ingurukoen ahotik euskara baino aditzen ez duten umeei euskara ahazten ari zaiela. Marrazki bizidunak euskararen bizi iraupenean puntu estrategikoa dira. Eta badakite. Sinets iezadazue, urgentziazko beharra zaigu.
«Goazen lagunok, amets betean, dragoiaren bola bila batera. Orain badakit, nongo zulotan, dagoen altxorrik ederrena...».
Larrepetit
Kame Hame Haaa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu