Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Klabeak

2013ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Zenbaki-segidak memorizatzeko, inoiz ez nituela ahaztuko uste nuen urtebetetze egunak aukeratzen nituen hasieran. Orain gutxi ahaztu egin zait lagun bati zorionak esatea. Haren urtebetetze eguna pasatu zait. Denbora batera, posta elektronikoa zabaltzeko klabea idazten ari nintzela jabetu nintzen zenbaki haiek bazutela klabe bihurtu aurretik esanahiren bat.

Izenaren tokian klabea aukera dezakedala esan dit señorita adeitsu batek. Telefono bidezko hurrengo hartu-emanetarako. Segurtasunagatik. Ezetz esan diot. Nahiago izena. Ez diot esan klabea baino dezentez seguruago gogoratuko dudala izena balizko hurrengo hartu-emanetan. Ezta nire klabeak batere seguruak ez direnik ere. Nahiz, ondo pentsatuz gero, munduko klaberik seguruenak bihurtzen ari diren. Berandu baino lehen iritsiko da eguna gogoratuko ez ditudana. Eta orduantxe bai bihurtuko direla benetan seguru. Erabilezin.

Azkenekoa, giltzarrapokoa. Igerilekuko aldageletako takillak hondatu dituztenez, giltzarrapoa norberak eramatea komeni da. Eta eraman nezakeen giltzaduna. Baina orain giltzarrapoak ere giltzarik gabekoak egiten dituzte. Klabedunak. Hiru zenbaki. Apuntatu egin ditut. Klabea ez apuntatzean dagoela klabea esaten dute. Apuntatu ezean direla seguru. Baina apuntatu ezean jada ez nago seguru. Lau behar ditut telefonoa pizteko, beste hainbeste txartelarekin ordaintzeko. Doblea, ordenadorean sartzeko. Horiek eguna hasteko bakarrik. Egunero.

NANa egitera behartu nindutenean hamalau urtek tragiko jartzeko ematen duten erraztasunez esan nion neure buruari: «Akabo, zenbaki bat besterik ez zara».Zortzi zenbaki eta tragedia.

Gaur egun, tragedia ez da zortzi zenbakiz eta letraz identifikatu beharra. Tragedia da zenbaki garrantzitsuentzat tokia jan digutela besteek, eta buruko kablerik txikienak huts egiten digunean edozertarako ezgai bihurtuko garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.