Bizikletek pandemiatik babesten ote gintuzten? Txirrindulariak, taldeak eta txirrindularitza itzuli handien inguruan biltzen den parafernaliako azken alea ateratzearekin batera, beste zonalderen bat babestera joanak seguru asko, Nafarroako mugak itxita izanen ditugu bi astez —gutxienez—; betiere, muga zeharkatzeko zioa kapitalismoaren makineria martxan mantentzea ez bada, jakina. Kapitalismoak, Vueltako bizikletek bezala, birusak uxatzen omen ditu.
Gaurdanik ezin izanen gara erkidego foraletik atera mundu zabalean hedatzera, adibidez, lokalak itxi behar izan dituzten jabeek alokairuak eta hipotekak ordaintzen jarraitu behar izan dutela ordutegi murrizte garaian eta, okerrena, itxialdian ere hileroko errenta pagatzen jarraituko dutela. Bankuen etekinak konfinatzea ez dago herritarron osasuna babesten saiatzeko neurrien zerrendan. Halaber, giro klaustrofobiko honetan ezin izanen diogu Nafarroatik kanpoko inori aurrez aurre jakinarazi Hezkuntza Departamentuak udan zehaztu zuen plana —Hezkuntza Departamentuko arduradunek ez dute inoiz atsedenik hartzen— orain arte estu-estuan bete dela: arazoa iristen denean, inprobisazioa da bidea. Eta klausula gehigarria: ahal dela, kontrataziorik egin gabe. Osasunbidean ere badute plangintza horren berri. Martxoan, duela zortzi hilabete, adituek iragarri ziguten udazken beroa —ez ziren eguraldiaz ari— izanen genuela.
Kontran, muga foralaz haragokoek ez dute, esaterako, Euskal Oasiaren berri ekartzeko aukerarik izanen hamabost egunez —gutxienez—. Inork ez digu nafarroi bere esperientzia kontatuko solasaldi patxadatsuan, ez dugu jakinen zein izan den han hartutako neurrien benetako eragina, plangintzarik prestatu ote zen eta balizko plana bete ote den, eta Urkulluk eta bere gobernuak zeinen ongi egin, egiten eta eginen duten ezagutzeko Euskal Telebista ikustea beste biderik ez dugu izanen. Klaustrofobikoa.