Larrepetit

Konspirazioak

urtzirrutikoetxea
2011ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Mohamed Buaziz dohakabeak sortu du hau guztia? Bere buruari su ematean piztu ote zen benetan arabiar bonbaren metxa? Eta matxinadak Egiptora jauzi egitean, txinpartak erdiko lurraldera iritsi, eta egunotako sarraskia abiarazi? Musulmanen 1989an ote gaude? Tunisiakoa jausita askok esan zuten ezinezko zela horrelako zerbait Egipton, eta jada ez dago Mubarak. Bai, militarrek daukate boterea eta behinola horren indartsu eta arriskutsu —mendebaldetik begira— ziruditen Anaia Musulmanak gaur lau katu direla sinetsi behar dugu, gehiengo gazte, teknologiko eta mendebaldarraren aldean. Eta sinetsi behar dugu, beraz, kalte txikiena zelakoan ibili garela diktadura ankerrak babesten, islamismoaren geruza legez, immigrazioaren hesi eta erregaien hornitzaile seguru, baina usteak ustel, nonbait.

Kosta da, baina matxinada Libiara heltzeaz bat hasi dira ezkerreko konspirazio teoriak. CIAko bulegoren batean muntatu ote da hau guztia Libiako petrolioa ziurtatzeko? Baina Gaddafi dagoeneko alde zeukaten eta! Sinesgaitza dirudi, asteak joan, asteak etorri, potentziek estrategiarik eta ezkutuko lanik ez izatea. Baina Michelle Alliot-Marie zelan ulertu orduan? Estatubatuarrek bakarrik prestatu dute, ohiko konspirazio-teoriek dioten legez? Alde dute, behingoan, ez dela barra eta izardun banderarik erretzen ari; are, pentsa liteke horren gustuko duten askatasun ideal baten atzetik dihardutela manifestariek. Baina hori oinarrizko aitortzea baino ez da: pertsonek eta herriek askatasuna maite dugu, eta herrialde ustel, gaztetu eta aukerarik gabean, koktel lehergarria da hori.

Hau guztia Iraneraino helduko balitz (iritsiko ahal da!) konspirazio-teoriaren bat sinets liteke, eta egileari bikaintasuna onartu beharko genioke. Bitartean, inozokeriarik gabe errepara diezaiegun gertakariei. Azpiko ur asko mugitzen ari direla jakitun, historiako une berezia dela jabetuta, eta teorietatik haratago, ahalik eta informatuen egoten. BERRIAtik Al Jazeerara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.