Hedoi Etxarte

Korrika eta politika

2024ko martxoaren 23a
05:00
Entzun

Aitortzen dut aurtengo Korrika hastear zegoenean beldur bat jabetu zela nitaz: politika eraldatzailearen aldeko aldarririk gabeko Korrika bat izango zela ala, bestela esateko, honezkero euskaldun direnen aldarrikapen linguistiko legal soilen inguruan gertatuko zen Korrika bat izan zitekeela. Zorionez, abiatu aurretik, Korrikako zuzendariak berak Palestinako bandera bat eskegi zuen lasterketaren hasieran zihoan furgoneta zuriko ispiluetako batetik eta horrek, gaurko munduan, zoru etikoa markatu zuen, gutxienez. Handik metro batzuetara, Bidasoaldeko jende zoragarriak (Iruñerrikoren batek lagunduta), migratzaileak pasa zituen poliziaren indarkeriak migratzaileak zigortu eta hiltzen dituen ibaiaz bestaldera. Korrika osoan, zorionez, nabarmena izan da: Palestinako bandera gehiago egon dira ikurrinak baino, greban ari diren langileen aldarrikapenak, aberatsen onurarako azpiegitura ekoziden kontrako aldarriak, klase eta genero askapenaren aldeko afixa eta oihuak, sexualitate disidenteetako kideak eta, noski, baita presoen afixak ere.

Auzia da, eskuin mutur mediatikotik ibili direla Korrika berdin ETAko presoak mantrarekin aurten ere, baina, funtsean, mantra hori oso zaharra da eta ez zuten eskuin muturrean asmatu. Zaharrenek gogoratuko dute aspaldikoa dela kontua eta, copyrighta, bere burua euskaltzaletzat duten zenbait iritzigilek aldarrikatu dutela ozenen. Norbaitek pentsa dezake giza eskubideen logikatik egindako aldarria dela, baina nago ezetz, aldarri hori «euskara bai baina politikarik gabe»-tik dagoela egina. Presoen argazkirik gabe Korrika nahi dutenek ez dituzte beren iritzi publikoko tribunak erabili hamarkadotan Ertzaintzaren edota foruzainen disoluzioaren alde, beraz auzia ez da indarkeria. Ez dira kexatuko Ertzaintzaren logoak erakutsi direlako Korrikan, noiz eta Ertzaintzak brote psikotiko bat izan zuen pertsona bat hil duela jakin den astean.

Politika askatzailearekin, aldarrikapenarekin eta eskuin muturreko hedabideen agendatik kanpo zabalduko da euskara, behetik eta jende zapalduari esker, orain arte bezala, bide batez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.