Larrepetit

Kukutza Bilbon

2011ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Hamahiru urtez autogestionatu den gune kultural bati, egindako lanagatik gutxienez errespetua erakutsi eta eskerrak eman beharrean, makina suntsitzaileak bidaltzean, suntsiketa ekiditeko saiorik egin gabe, konponbide mahai bat ireki gabe, konponbide bat bilatzeko ahaleginak egin direneko plantak ere egin gabe, eta hori guztia bihotzeko minik gabe, hoztasun eta harrokeria erabatekoz, kopuru handitan bozkatua izan den alkate jaunaren hitzak oso esanguratsuak dira, argiak, eskrupulurik ez duenak eskrupulurik erakutsi behar ez duelako. Aipu bat: «Bizi garen garaiotan, herrialdea merkatuek irentsia izateko arriskuan dagoenean, ez gara zorpetuko lokal partikular bat erosi eta inoiz harremanik izan ez dudan jaun batzuk bertan egon daitezen». Eta esaldiaren bukaera azpimarratu nahi dut: Azkuna jaunak jaun (eta andere?) horiekin ez duela harremanik izan eta ez dela haiengatik zorpetuko dioen hori. Horri buelta ematen badiogu, jakingo genuke zertan gastatuko den dirua edo, bestela esanda, norengana joango den.

«Orain arte autogestionatu badira, bila ditzatela beren irtenbide propioak». Hori ere esan du. Eta bai, argi dago udalak ez duela asmorik irtenbide bat bilatzen laguntzeko, horren itxurak ere ez dituela egin. Zintzoak dira. Botoak dituzte. Azkunak adierazi du ez dituztela sei milioi euro ordainduko «batzuk gaztetxean egon daitezen». Miopia izan behar da auzo bateko bizitzan kulturgune batetik egiten dena —administrazioak egiten duena baino 500 aldiz gehiago, Ahedok dioenez— ez ikusteko.

Azkunak jaso dituen boto pila horiek arduratu egiten naute. Eta ez dakit belaunaldi kontua den, baina larunbateko manifestazioan ere jende pila batu zen eta ilusionatu ninduen, Kukutzagatik ziurrenez ezer gutxi egin baitaiteke, baina gure espazio askeak aldarrikatzeko jende guzti hori biltzea itxaropentsua da. Bilbok ez ditu soberan Kukutzaren motako guneak. Bilbo berri bat posible da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.