Berriz ere hastea da gizakiaren existentziaren ardatzetako bat. Didi-Hubermanek berriz hastean ikusten du poztasun bat, bitxia bezain sutsua. Kostatzen zait onartzea. Esan nahi dut zure berriz hastea denean dozenaka garagardo kupel batetik bestera eraman eta bizkarra haustea egunero; zure berriz hastea denean hustutako edarien kasko zikinak tabernetatik beste norabaitera garraiatzea; zure berriz hastea denean hamar minuturo edalontzi garbigailu bat bete, hustu eta ordenatzea; ia zalantzarik gabe aitor dezaket hor ez dagoela pozik, ez poz arrarorik, ezta poz bortitzik ere.
Garbi dut Didi-Huberman beste berriz haste batzuei buruz ari dela, baina ez dakit beste horiek (Termidorreko 8tik 9rako gaua, 1848ko galtzada-harriak, 1871ko maiatzeko Haxo eta Fontaine-au-Roiko barrikadak, 1923ko Hanburgoko teilatuak, 1957ko Kuba, 1994ko urtarrilaren 1eko San Cristobal de las Casas) piztu zituzten txinpartek baduten oihartzunik gaur eta hemen. Esan nahi dut, aipatu ditudan gertakizunen segida horretan (feat.: Daniel Bensaïdena) bazela garaiko garraiolaria, garbitzailea, zerbitzaria. Baina bazen ere berriz horrela hasi nahi ez zuten horien eta askoz egoera material duinagoetan bizi zirenen arteko lotura nabarmen bat. Are gehiago, gertakizun historiko horien aurpegi izango ziren ia bakar bat ere ez zen garraiolaria, garbitzailea, zerbitzaria.
Galdera da, beraz, noiz arte jarraituko duen garraiolari, garbitzaile, zerbitzari izango ez den klase apainaren eta beheko klasearen arteko gaurko hausturak, Frantziako gertakizunetan hain nabarmena den dibortzio horrek: medikuen greba gerta daiteke aldiriak sutan dauden bitartean, baina ez dago inolako loturarako gaitasunik, ez dago inolako apustu komunik.
Eta errazkeria da pesimistaren segurtasunaren aldarria egitea, baina, funtsean, gaur Larisa Reisner, Che Guevara, Louise Michel, Marcos komandanteordea edota Leninen talde hori dibortzio horretaz gozatzen ari da, distantzia hori handitzen. Irudi luke klase ertaina erabat hondoratu beharko dela batasun hori itzultzeko.

LARREPETIT
Langile klasearen dibortzioaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu