Sekula hilko ez bagina bezala bizi gara. Erosten ditugu etxeak eta sinatzen ditugu ez dakit zenbat urtetarako hipotekak, pentsio planak egiten ditugu noizbait zerbaitetan gastatzeko dirua izateko, aurrezten dugu dirua datorren urtean oporretan urrutira joateko, astean behin bakarrik egiten dugu parranda gehiegi ez gastatzeko eta egiten ditugu planak hipotekarik ez daukagun egunerako.
Telebistan ikusten ditugun lagun guztiek daukate azal leuna, izurrik gabea. Denak dira gazteak. Eta denboraren garapen normala hori balitz bezala bizi gara. Jubilatzen garenerako planak egiten ditugu: motxila hartu eta Australiara joatea, Argentina bizikletan zeharkatzea… Orain ia ezin, eta 65 urterekin aire zabalean lo egingo dute gure hezurrek?
Alzheimerrak, minbiziak, parkinsonak, esklereosiak... egun bana dute egutegian, baina guk pentsatzen dugu guri ez zaigula halakorik tokatuko. Badakigu auzoko neska hil egin dela, esan digute lankidearen amak ez duela lankidea ezagutzen, tabernan gurekin kafea hartzen zuen gizona gurpil aulkiari lotuta gelditu da; baina guri ez zaigu halakorik gertatuko. Zer egin dugu guk halakorik merezi izateko, bada?
Sekula hilko ez bagina bezala bizi gara, baina gu ere hil egingo gara. Bizitza eta heriotza ez baitira elkarrekin zerikusirik ez dute gauza antonimo bi: lerro zuzen bakarra dira. Bata iritsi bitartean, bestea gertatzen da. Eta lerroaren amaieraz zenbat eta kontzienteago izan, orduan eta libreago. Zertarako aurreztu, zertarako denboraren kontra egin diktadura estetikoari erantzunez, zertarako itxaron orain egin nahi duguna egiteko? Biziko dugula ziur dakigun egun bakarra gaur da. Eta bihar berriro jaikitzeko zortea badugu, bihar ez da gaur izango, eta ispiluak egun bat gehiago dugula esango digu izurrei tira egin arren. Eta pozik egon izurrak badituzu, batzuei atera orduko amaitzen zaie lerro zuzena.

LARREPETIT
Lerro zuzena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu