Ez dut tekla-joka ari diren esku hauen ardurarik zurituko, baina tokatu, ausaz tokatu zaizkit aldi berean parean gaurko bi hizketagaiak, zin dagit. Dena dela, zoriak parean jarritakoak continuum baten katebegi bat gehiago besterik ez dira. Literaturaren eta artearen egitekoaz aritzeko aitzakia, azken finean.
Atzo bertan, egunkari honek, Yahya Hassan poetaren izen bereko lana euskarara ekarri dutela eta, Iñigo Astizen erreportajea zekarren. Idazleak, liburuaz ari delarik, «zertarako idatzi» galdera betierekoaren aurrean duen jarrerak badu irakasgaitik. Gordinak dira poemak, ezin pertsonalagoak, intimoak. Aitaren eskuetan jasandako jipoietatik, arrebari eta haren bikotekideari umegintzan laster hasiko direla esateraino, musulmanek horretarako presa izaten dutela eta. Esandakoa bueltan etor dakiokeela iradokita, erantzuna argia da: «Berdin dit, poemarekikoa da nire ardura».
Tira, ausaz esan dut, eta hala izan da: Hassan-en poemagintzaz jakin dudan garaitsuan sartu da gure etxera Eva Garcia Sáenz de Urturiren El silencio de la ciudad blanca liburu supersaldua, eta azalez bakarrik ezagutzen nuen hura irakurtzen hasteko atrebimendua izan dut, eta ez nik bakarrik, baita etxekideetako batek ere, harriduraz ikusi dugu idazleak Gasteiz (zehatz bat) munduratzeko duen seta, hainbesterakoa, susmoren bat piztu zaigu liburuaren erredakzioan turismo-zerbitzuren batek izandako balizko esku-hartzeaz. Kasu honetan, «obrarekiko ardura» soilik ez, beste ardura batzuk ere hartu ote dituen bere gain idazleak. Jo, zer nahi duzue esatea: lehenengo bi orrialdeetan txertatutako tokiko elementu tipikoen jasa ez da nolanahikoa. Eta idazleak ez du erreparorik, elementu horien artean, ondare-balio dudazkoa duen tabernaren bat behin eta berriz aipatzeko ere.
Ez bata ez bestea ez ditut osorik irakurri, baina bietako bat irakurriko dut laster, eta aukeratu dut zein.

LARREPETIT
Liburuak eta ardurak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu