Ez, ez dut aita ez-santu horretaz idatziko. Bururatzen zaidan gauza bakarra pederasta aurpegia duela esatea da, eta nahiago dut inor ez iraintzea. Beraz, barkatu momentuan bolo-bolo dabilen gaia ez jorratzeagatik.
Gaurkoan, orain dela egun gutxi izandako Lilatoia hartuko dut hizpide. Berriro ere, kalean izandako eztabaida batek animatu nau gaia aukeratzera. Hain zuzen ere, gizon zuri heterosexual batekin izandako eztabaidak.
Hasteko, aipa dezagun nire solaskidearen argudio nagusia: bere ustez, emakumeentzako karrera bat egitea eta gizonezkoei parte hartzen ez uztea diskriminazio hutsa da. Imajinatu zelako esfortzua egin behar dudan, horrelako argudio baten aurrean lasaitzeko eta era pedagogiko batean erantzuteko. Burutik pasatzen zaidan lehenengo ideia botatzen diot: lastima da gizonezkoentzat zuzendutako karrera, partida zein beste hamaika kirol ekintzatan emakumeen partaidetza inoiz ez erreibindikatzea.
Barkatuko didazue, baina horrelako astakeria bat botatzea matxismoaren oinarriak indartzea eta bermatzea da. Gehienbat, kirola espazio oso matxista eta heterozentratua izan daitekeelako. Oro har, komunikabideetan ikusten ditugunak eta diru asko produzitzen duten kirolak emakumezkoen bazterketan eta kanporatzean oinarritzen dira.
Emakumezkoak alboratzea ez da arbitrarioa, ezaugarri fundamental bat baizik. Batetik, emakumezkoen gorputzak indarrean hezteko aukera ukatzen dutelako, eta, bestetik, bazterketa horretan maskulinitate hegemonikoaren ideala oinarritzen dutelako. Maskulinitate hegemonikoa produzitzen eta defendatzen duen kirol hegemoniko horren oinarrian emakumeen gaitzespena eta maritxuen bazterketa dago.
Horregatik dira hain beharrezkoak Lilatoia eta horrelako ekitaldiak, emakumezkoek gorputzaren erabilera publikoa egiten dutelako batetik, eta, bestetik, gorputza indartzen eta jabetzen —enpoderatzen— dutelako.

Larrepetit
Lilatoia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu