Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Lurzaindia

2013ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Krisiak gogor jotzen duen sektorea da laborantza. Mundu osoko lehia gupidagabeari, tokiko lurren espekulazioa gehitzen zaio. Urtero mila hektarea kentzen zaizkio laborantzari Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoan, hau da, urteko egun bakoitz 30.000 metro karratu ebasten zaizkio laborantzari. Azken hamar urteetan baserrien laurdenak galdu dira, eta etxalde bat suntsitzean, herri baten bizitzaren zati bat da erauzten.

Hori guti balitz bezala, laborantza politikak finkatzen dituen Pirinio Atlantikoetako Ganberak laborari handiak oraino gehiago asetzea sustatzen du, laborari ttipien kaltetan. Behi ekoizleen %80 desagertu dira azken urteotan. Etxaldeen handitze eta kontzentrazioak produktibitatearen lasterketa dakar, eta horrek ingurumenari kalte eta irensten ditugun elikagaien kalitateari min.

Haizea kontra izanik ere, Ipar Euskal Herriko laborariek beste behin ere ekinbide berritzailea eta auzolanerako indarra agertu dute Lurzaindia sorturik. Lurren espekulazioa hartzen ari den dimentsioa kontuan izanik, herri aurrezkirako tresna sortu dute, salgai dauden lurrak kolektiboki erosi eta laborantzan hasi nahi duten laborari gazteen esku uzteko. 20 euroko gutxieneko parte hartzearekin, ekinbidea denen eskura dago.

ELB sindikatuak ikaragarriko lana egin du azken 30 urteetan. Jatorriz ustez kontserbadorea den baserrialdean elkartasun eta partekatze ideia progresistak zabaldu ditu. Gure herriak faltan zituen tresnak sortzen jakin du, nola Euskal Herriko Laborantza Ganbara, hala Arrapitz, BLE, GFA edo beste egitura.

Laborarien Paueko Ganbarako hauteskundeak izanen dira aste batez. 2001ean ELBk Ipar Euskal Herrian gehiengoa lorturik ere, 21 hautetsietarik bi besterik ez dira ELBkoak. Biarnesak euskaldun baino biztanle gehiago baitira Pirinio Atlantikoetan, Kontseilu Nagusian, Departamenduan, Laborantza Ganbaran, UPPA unibertsitatean, Lanbide Ganberan, edo Prefeturan, biarnesek gobernatzen gaituzte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.