Joandako urtearen laburpena egin eta momenturik onenak aukeratu ditugu. Abestirik onenak, argazkirik onenak... Facebook eta Twitterreko gure mezurik arrakastatsuenak eta gure on line urtearen laburpenak jaso ditugu opari. Urte berrirako proiektu, asmo eta planak buruan edo paperean idatzi ditugu. «Urte barri barri, txarri belarri. Dekonak ez dekonari. Nik ez dekot eta niri. Hiru intxaurtxu, lau sagar. Guk altzoa zabal zabal» abestu dugu beste behin ere. Badaezpada ezer baletor urte berriarekin batera. Eta batetik bestera egun bakarra besterik ez. Eta salto hori ospatzeko, urte berriari irteera agintzeko, mahatsak barik kolore guztietako suziri eta etxaferuak edonondik, edonola eta edonork botatakoak. 00:00ak baino nahiko arinago hasten direnak. Aurtongoan, ongietorri pirotekniko horri esker (dirudienez) sutan, ketan hasi behar izan dute urte berria askok eta askok Trintxerpen, etxetik kanpo. Gau argiak gaua ilundu dielako. Argia bera ere garestiago izango den urte honetan.
Eta beste asko suzirien moduan bizi gara. Hegaz. Batetik bestera korrika ziztu bizian. Egunei zukua atera gurean. Dena argitu gurean. Suzirien metxak duten neurria dutela ahaztuta. Luzatzeko gai bagina legez. Eta urte aldaketak ez du hori aldatuko, norbere hausnarrak hausnar. Baina gure ametsak, gure ilusioak betetzeko beste 365 eguneko epea emango diegu geure buruei. Eta horrek lasaitzen gaitu neurri batean. Eta urtebete helduago edo zaharrago izango gara. Eta geure buruari moduan besteei ere eskatuko diegu aspaldi bete behar izan zuten hori bete dezaten. Eta kataluniarren moduan 2014. urte esanguratsua gura genuke guk ere. Eta falta direnak ondoan. Eta konturatu orduko berriro «agur agur urte zaharra» abestuko dugu, mahats suziridun artean.

Larrepetit
Mahatsak suziri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu