Delirium Tremensen hitzak etorri zaizkit gogora egunotan: bizitzaren txorakeriak, hasi eta bukatu negarrez. Martxoa izan nuen 2010eko une bereziena, alaba jaio zitzaigunean. Eta biharamunean, Gurutzetan oraindik, Eñaut, aita izan berri bera ere. Eta Gurutzetan itzali Sabin, bizkor-bizkor. Udagoien historikoa amaituta utzi gaitu. Demokrata erradikalak munstroaren atzaparrak ikusi zituen irailean, beti bake bidez defenditutako ideiak, euskara, independentzia, zartako batez galarazi eta aldarrikatutako eskubide zibilak berari ere ukatzen zizkiotela ikusita. Unearen garrantziaz jabetu eta konplexurik gabe erronkari heltzeko apustua egin zuena, alderdikerietatik haratago bat eginik.
Hamaikako platoan egin genuen berba handik laster. Hastear zen Bizkaiko txapelketa, piztiak beti bezala, torturarekin erantzun zion su-eten agiriari, eta unearen garrantzia azpimarratu zuen Sabin Intxaurragak. «Burua hotz», errepikatu zuen behin eta berriz. Hiru hilera, burua hotz baina ametsa urrun daukagula, Sabinek berak odola hoztu digu. Eta inork gutxik ez bezala denak, Carmelotik Karmelora, bildu gaitu bere inguruan, Gorbeiaren magalean.
2010 iragan da, eta ez da erraza jabetzea une historiko batean zaudela. Berlingo Harresia erortzen ari den unean ote gaude? Lituaniak Moskuko tropei aurre egin zienekoan? Urtebete baino gutxiago 2012rako, eta ametsak eta ametsak. Ekialdetik Gorbeiako magalera datozenak Zeanuritik Maltzagara eta Amaiurrera edo Mitikilera doazenak.
Triste eta ederra izan da urteari agur horrela esatea. Zeanurin libreak garela amestu eta, futboletik haratago, garen bezala onartzen gaituztela irudikatu genuen. Gero tortura ere zigor daitekeela, noizean behin bada ere, ikusi dugu. Geroz eta zailago dituzte jarrera horiei eusten. Zeanurin egon zen Maltzaga, eta bideari heltzeko ordua da. Urrats bat egitekoa. Larunbatean bertan, Bilbon, hasteko.
Larrepetit
Maltzaga Zeanurin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu