Ikuskizuna hanka-jokoan Parisko kale, plaza eta bulebarretan. 41.342 andre eta gizon korrika, lasterka, arin-aringa, galopan, antxintxika, karran, saltaka, arineketan sua oinetan ahalik azkarren heltzeko helmugara. Paris balio du Parisko maratoia amaitzeak.
Baina aurten korrikalari bat nabarmendu digu prentsak, ez praka motxetan, ez tirantedun elastikotan, baizik eta soineko koloretsua duela aldean, plastikozko bidoia buru gainean, eta paparrean, salaketa idatzia: «Afrikan, emakumeek egunero ibiltzen dute bitarte hau edateko ura lortzeko».
Sibatou Sanneh du izena, baina albiste guztietan «emakume beltz bat» deitu dute. Afrikako emakumeek egunero betetzen duten uraren maratoia gizonezko zuri batek salatuko lukeen, neure zalantzak ditut. Eta gertatzera, handicap agerikoa luke Sannehren ondoan: Sibatou Sannehrena ez da performace artistiko bat. Aurrenekoz atera da Gambiatik, baina hamaika aldeko ispilua jarri digu muturren aurrean.
Hori du hain zuzen Sibatou Sannehren salaketak bere alde: sinesgarritasuna. Antolatzaileekin itundu gabeko performace artistikoa balitz, atera egingo lukete seguruenik lasterketatik, isuna jarriko liokete menturaz, Parisko maratoia ez dela sanbodromo bat esanda, pailazoarena egiteko eskatzeko manifestazio baimena; baina Afrikako ur ezak edo goseak errukira lerratzen gaitu, oraingoz. Eta errukia bertikala da, eta satisfazio gaiztoa ematen dio sentitzen duenari.
Ez dakit zer neurri hartuko dituzten antolatzaileek datozen urteetan kirol albisteak nagusi daitezen albistegietan eta ez aldian aldiko protestak. Ez dut uste Sannehren berri izango dugunik aurrerantzean, baina joan den igandean berak nahi gabeko beste ispilu bat ere utzi digulakoan nago: ez al da hori hain justu arteak duen arazo nagusia? Alegia, zer balio du guretzat maiz sinesgarritasunik ez badu, eguneroko bizitzaren minez kanpoko artifiziotzat badaukagu?

LARREPETIT
Marathon woman
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu