Larrepetit

Marrazki bizidunak

UXUE APAOLAZA
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Carlos Herrerarekin hasi dut eguna pasa den hilabetean eta hasiko dut honetan ere, arrazoi laboralak direla medio (zehazten dut, Sálvame ikusten dudala onartzeak baino lotsa gehiago ematen didalako; gaur bertan galdetu diote itsu bati glaukomaren egunean nola dakien kaka egin ondoren ipurdia ondo garbitu duen, eta plazaratu dute zalantza Lazarillo de Tormeseko pertsonaia batek «si perdia aceite», edo ez).

«Mono coroncho» delako bati buruz hasi zuen berria, tertulian zehar ere zigortu zuten presidentea, Venezuelakoa, «el etarra» Arturo Cubillasi buruz hizketan amaitzeko. ETArekin zerikusia duten berrien biderkatzearekin batera itzuli da gaia (biderkatze horren intentzioei dagokienez, ez naiz tamainako hitz itsusiak esatera makurtuko); tertulia lagunen lerdearen akuilu, gai honek elkarrizketa algaratsuago egiten dien bi osagarri ditu; ETA, bere bertsio onenean, Venezuelaren aurrean espainiar gobernuaren ahuldadea aldarrikatzeko aukerarekin, zeinak asko kitzikatzen dituen, ia interbentzio militar batek adina; gainera, subjektuak, Cubillasek, jauntxotzat deskribatzen zutena, bertako polizia ere kontrolatuz, «trabajaba para el mono coroncho».

Egokia litzateke kontatuko balute arrazoitu beharrik gabe, paqué, beren zirriparraren oinarritzat dutena nondik datorren, orain hainbeste titular ateratzen ari diren zulo (gaztelaniaz) beretik baitator berena ere,gero sinatua gezurtatu eta torturak jasan izana salatu zuten bi gazteren deklaraziotik. Eta Arturo Cubillasek, pertsona libre eta elkarrizketagarria izanik, suposatzen dut, marrazki bizidun baten errealitate maila du: kalaka horren baitan baizik ez dago, eta izen hori duen pertsonaren hitzak topatzea nekeza suertatzen da.

Nik uste oposizioko eskuinak gobernukoari eginiko broma bat dela dena, apusturen bat galduko zuten, eta bideoz grabatuko dituzte Espainiako Gobernuko ordezkarien eta Venezuelakoen arteko enkontruak; «Ea ze aurpegirekin esaten dion estradizioarena!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.