Barraren atzean lanean dihardutenek ez dute arnasa hartzeko apenas tarterik ere. Goizeko ordu biak dira eta taberna gainezka dago Iruñeko Gazteluko plazan. Musikaren bolumenak ez duelako inolako hizketarako betarik ematen, edo, besterik gabe, jai-giroak horretara bultzatzen zaituelako, dantzan ari da jende guztia.
Taberna barnealdean, izkina batean, 19 urteko neska gazte batek goraturik ditu besoak eta musikaren erritmora astintzen du gorputzeko gihar bakoitza; bakarrik ari da eta nabari zaio ez duela konpainiarik behar.
Une batean, gizonezko bat gerturatzen zaio, gerritik heltzen dio eta berekin dantzan hasten da. Neska, irribarrez, apartatu egiten da musikaren erritmoa galdu gabe eta bere lagunak dauden lekurantz joaten saiatzen da. Gizonezkoak ez dio uzten, berriz ere gerritik heldu eta, pixkanaka bultzatuz, zokorantz eramaten du. Dantza egiteari utzi dio neskak, mugitzen jarraitzen du mutilak, zakil-aldea ahalik eta gehien neskaren gorputzera gerturatuz. Mutilak neskak ulertu ezin duen zerbait esaten dio belarrira eta lepoa miazkatzen dio. Neskak bakean uzteko esaten dio mutilari eta libratzen saiatzen da. Mutilak indar handiagoz estutzen du gorputza bestearen kontra. Esku bat bularrean jartzen dio eta ahoan muxu ematen saiatzen da. Neskak orain arteko bultzakadarik gogorrena ematen dio eta, hasiera batean apur bat apartatzea lortzen duen arren, berehala du gainean olagarroa.
Bat-batean, neskaren kuadrillako mutil bat gertatzen ari denaz ohartzen da eta laguntzera doakio. Erasoa eten eta beso bat sorbaldaren gainetik pasatzen dio lagunari. Erasotzaileak mutil hura neska gaztearen bikotekidea dela ulertzen du eta eskuak goratuz berehala apartatzen da, istilurik nahi ez duela esanaz bezala. Eta barkamena eskatzen dio. Mutilari.
Beste taberna batera egin dute alde, atera beste kalimotxo bat. Baina, honek jada, ez dauka festa zaporerik. «Gora San Fermin!», esan du norbaitek.
LARREPETIT
Matxoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu