Gerora bizitza erdia borroka armatua gaitzesten pasatu duen osaba/ama/aitona horri entzun izan diozu, begiak dir-dir, nola botatzen zuten jertsea airera volóvolóka, ze pozik eta ze alai. Entzunaren entzunaz, Anaitasunan bertan egon bazina bezala aditzen ahal dituzu milaka eztarriren segurquetombatombatombak, zentsura frankistagatik letra kantatu ezin, eta akorde hutsak jotzen zituen Lluis Lachen musikari jarraikiz. Eta gero zeure buruari galdetzen diozu nondik datorkizun zuri txuri-beltzeko garai horien mitifikazioa.
Zeren eta zuk nahiko zenituzke gaur egungo erreferenteak, baina onartu behar izaten duzu jartzen zaituela Pantera Beltzen estetikak, hunkitu arte urratu duzula eztarria Playa Girón abesten parrandetan, gozatzen duzula sandinistekin aritu zen gurasoen lagun horri abenturak entzuten. Aitortu behar izaten duzu Parisera Louvre bisitatzera zoazela, baina gehiago berotzen zaituztela 68ko Maiatzeko ikasleen balentriek.
Salvador Allende jainkotu duzu, ahots hari bat Pinocheten bonben azpian, eta jainkotu dituzu iragan mende erdiko iraultzaile guztiak, eta bat-batean, hor datorkizuKae Tempest, Igelak euskaratutako Antzinako berri-berriak harribitxia besapean, esateko ezetz, Londreseko egungo auzo langileetako pertsonak direla benetako jainkoak, ezkontide aspertuak zein drogazaleak, supermerkatuko erosleak eta metroan doazen bulegariak, eta egungo dekadentzia haiengan dagoen bezala dagoela haiengan egungo salbazioa ere.
Eta zeure buruari galdetzen diozu ea horretan datzan azkenaldian entzun duzun epika berria delako hori, entzun bitartean buruarekin baietz esan arren oraindik ongi zer den ez dakizuna. Ea orainean bilatu behar ote den epika berria, zu eta ni bezalako horiengan, eta mito zaharrak eraitsi. Eta ea onartzeko prest zauden, behin mito zaharrak lurperatuta, zuretzat bezain emankor izan daitekeela arerioarentzat gudu-zelai berria.

LARREPETIT
Mitoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu