Iñigo Aranbarri.
Larrepetit

Mugaldeko jendea

2014ko martxoaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Muga moralean olgetan piztu dira mikrofonoak: «niri edo nire umeari gertatzera, edozer egingo nuke neuk ere; hori bai, legearen barruan». Eta edozer da: gibel bat lortu, giltzurrun bat, bihotz bat, edonon, edonola. Irratiz ari direlako bridatu dute mihia, erantsi diote buztana kontraesana eztitzeko: «hori bai, legearen barruan». Orain zabaldu da berria, baina urtarrilean atxilotu zituzten Valentzian Hatem Akutxe libaniar milionarioa eta antza, honentzat edonon, edonola, gibel zati baten bila aritu izan ziren lau lagunak.

Mexiko Barruti Federaletik iparrera ginen, saltoki-gune handi batean. Irteeran, horma zabal bat, haur-argazkiz mukuru, hogeita hamarren bat guztira. Denek zuten ohar etsirik, ezaugarrien zerrenda, telefono bat. Ikusi baduzu deitu, mesedez. Alferrik.

Haur pobreak bahitzea ez da negozio makala nork ordaindu dagoen artean. Jose Manuel Martin Medemek aztertu du agian ondoen Mexikoko haur desagertuen kasua. Asko AEBetan eta Europan saltzen dira, legez kanpoko adopzioan, edo lanerako zein prostituzioan aritzeko. Beste batzuk ez dira inoiz helduko herrialde aberatsetara. Estatu Batuetan 10.000tik gora haur daude organo baten zain, eta CEDEMIN Haurren Eskubideen Mexikar Zentroak salatu duenez, mugaldeko ospitaleetan amaitzen dute bidaia bahituetariko batzuek. Han erauziko zaizkie behar direnak: «mugaren alde batean desagertu diren umeak daude, eta bestean dirua duen jendea, euren seme-alaba eriak bizirik nahi dituena. Bi muturrak lotu besterik ez dago».

Zikinkeria hutsa haur zatikatuak. Dena ez da hain gordina, ordea; ezen sofistikazio handia behar badu transplanteak, are handiagoa eskatzen du honen kudeaketak, dena izan dadin garbia eta nekerik gabea.

Akutxeren kasuan ez ziren haurrak, etorkin langabeak baizik, bahituta beharrean borondatez aurkeztu zirenak euren gibela eskaintzera.

Beti geratu ahal izango zaigu lasaitasun hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.