Ander Perez Argote
LARREPETIT

Musikan iraun

2023ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Lotara zoazela, dagoeneko ez dakizu entzuten ari zaren txaranga kalean ala zure buru barruan den. Isiltasun pixka bat nahiko zenuke, baina jakin badakizu, sanferminak, zerbait izatekotan, musika direla. Eta ezingo zenituzkeela maite hala ez balira. Aurrekoan baten batek esan zizun, Jarauta 69 txarangarekin—munduko onenak, dena esanda— dantzan ari zinetela: «Txaranga honen onena haiek beraiek nola gozatzen duten ikustea da».

Zu ere ohartu zara: aski dira akorde solte batzuk, datorren kantaren iragarpen huts bat, azala oilo-ipurdiz eta barrua irabiatzen jartzeko. Eta musikak biziarazten dizun hori hitzetan ongi nola jarri ez dakizunez, hor hasi zara, Zaldiko Maldiko kanpoaldean Atzarbale txarangarekin euforian ari direnei haientzat musika zer den galdezka. Hitz bakarrarekin erantzun dizute batzuk. Amaia: «Arima». Aitzol: «Dantza». Xabi: «Erritmoa». Josune: «Beharra». Esaldi luzexeagotara jo dute beste batzuek. Joxerra: «Bixigarri eder bat». Martxelo: «Bizitzaren soinu banda». Eta norbere barrura begira jarri dira beste hainbat. Miren: «Musikak esaten dit non eta ze momentutan nagoen». Edota Antton: «Musika? Bizitzatik alde egiteko momentua. Ez, hobe: bizitza eteten duen momentua».

Guztietatik zuretzat zein hartu pentsatzen hasi zara. Denekin egingo zenuke nahasketa bat, eta hala ere ez litzateke nahikoa izango. Une bakoitzak bere definizioa beharko lukeela pentsatu duzu. Gehien maite dituzunak inguruan izateko desira sortzen dizun hori badela musika, bai, baina baita, sentiaraziko dizunaren beldur, badaezpada ez entzutea nahiago duzun disko hori ere.

Doinu batek eten dizu pentsamendua, eta konturatzerako, zu ere ari zara ingurukoekin koruan garrasika: «Gu, gu kalean zehar, erropa ilunak, aurpegi zuriak...». Grazia egin dizu paradoxak: inguruan arropa zuriak dira denak, eta aurpegi belztuak. Hala izango da urtebete barru ere. Hau, momentuz, bukatu da. Musikak iraungo du tartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.