Azken egunetako zenbait titulu Alemaniako astekari handienetan: «Saltxitxarik gabeko mundua»; «Zoriontsu haragirik gabe»; «Zergatik dagoen modan barazkijale izatea». Titulu horiek non, eta saltxitxen munduan. Debatea mahai gainean dago. Haragia, out.
Gakoa, Die Zeit astekariaren galderan: «Txuletaren etorkizuna zigarroarena izango al da?». Tabakoaren adibideak kontsumo ohiturak nola aldatu daitezken erakutsi digu. Nork pentsatuko zuen, duela hamar urte, toki publikoetan erretzea debekatuko zenik? Oilo, indioilar eta txerriek pentsu pozoitua jan dute Alemaniako haztegi batzuetan, eta eskandaluak bultzada eman dio haragirik gabeko jakien joerari. Milioika barazkijaleren ametsa egia bilakatuko ote da noizbait?
Batezbesteko barazkijalea emakumezkoa, gaztea, hezkuntza maila jasokoa eta hiri handi bateko biztanlea da. Bada lantokian harritzen den gizonezkorik, haragi-xerra baztertu duten lankideei bikote ohiaz txutxu-mutxuka entzuten dienean: «Bai, eta gainera, haragiarekiko duen harremana!»
Zalantza gutxi dago, herrialde industrializatuetako elikadura ohitura ez doala bide zuzenetik, ez dela jasangarria. Tabakoaren kasuan, besteek pairatzen duten osasun galera izan da kontzientzia aldaketarako koska beharrezkoa. Haragiaren hipotesian, jokatu daitekeen kartarik eraginkorrena gure planetaren osasuna bera da. Alegia, haragi superprodukzioak kliman daukan eragina. Behiek digestioan sortzen duten —eta puzkerren bitartez askatzen duten— karbono dioxidoa alde batetik; haragi produkziorako Hego Amerikako oihanen suntsiketa bestetik.
Norberaren osasuna ez da izan tabakoaren aferan gailendu den faktorea. Barazkijaleen artean ere, bi herenak, barazkijale moralak dira. Jaten dugun haragia produzitzeko praktikatzen dugun abeltzaintza masiboa ankerkeria dela badakigu. Hau ulertzearen ondorio logikoak ateratzea izan liteke hamarkada honen erronketako bat.
Larrepetit
Nahikoa (jan) dugu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu