Hedoi Etxarte

Negar egiteko abestiak

2025eko irailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko abuztuan, 1970eko hamarkadako abesti eder baten bila ezagutu nuen Bon Entendeur musika talde elektronikoa. Zeharo oharkabean joan zitzaidan Marie Laforêt-en abesti bat zekarrela. Frantziako kantugintzan oso ezagunak diren abeslarien pasarteak hartu izan dituzte Bon Entendeurrekoek: Jane Birkin, Françoise Hardy, baina baita Mouloudji ere.

Beti egin zait, dramatikoa zirudielako, fantasia gisa ederra Marie Laforêt. Fantasia gisa ze, bizitzan gertu tokatuz gero irudipena izan dut suntsikorra izan zitekeen norbait zela. Lerro hauek idaztean irakurri dut 1998an adierazi zuela 3 urte zituenean auzokide batek behin baino gehiagotan bortxatu zuela eta berrogei urtez isilik gorde zuela.

Bon Entendeurrek L’amour comme à 16 ans (Maitasuna 16 urterekin bezala) piezaren erremixa egin zuen: «Maitasuna egidazu 16 urterekin bezala / Maitasuna egidazu esperientziarik gabe / Maitasuna egidazu herabeki / Nerabezaroko iluntze eder batean bezala / Esazkidazu ausartzen ez zaren hitzak / Egizkidazu durduzatzen duten keinuak / Ito nazazu zure besoetan / Maitasuna egidazu azkarregi».

Erremixak badu zerbait amorragarritik: laburrak diren abestiei are tarte laburragoa hartu eta gainontzekoa ahaztu, gehiegi nabarmendu jatorrizkoaren aldagai batzuk eta beste batzuk desagerrarazi. Erremixa manipulazio ariketa bat da, baina bada, baita ere, distantzia hartzeko aukera bat.

Joan den larunbat arratsean, behin baino gehiagotan eman zidan negargura abestiak. Badu gaitasun hori musikak sarritan eta, musikaren aldaeretan, agian bereziki abestiek, gainera. Egia da, horretan gupidagabea izan zela Pascal Quignar esan zuenean artea ez zela basakeriaren kontrakoa («faxismoa bozgorailura lotua egon da»).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.