Batxilergoan ikasi genituenetik, euskal kategoria gramatikalak ezberdin hautematen ditut. Orduan zerrendatu eta buruz ikasi genituen. Urteak igaro eta logika baten barruan kokatzen ditut orain. Logika propio batean. Ez dira guztiak pisu bereko.
Izenak. Ugarienak eta ikasteko errazenak. Orok du bere izendapena, baina subjektiboenak eurak direlakoan naiz. Tximeleta bat ikusten duen adaxkan, ikusiko baitu besteak pinpilinpauxa bat. Ardiaren errapean axuria, eta besteak bildotsa. Lau gurpilen gainean dioanari auto deritzogu. Baina dei geniezaioke belarra. Edo erloju, edo X, edo Y.
Adjektiboak. Oso maiteak. Mihi gaiztoko piztia da gizakia eta adjektiboen adar beltzenean hartzen du arnas. Itsusia baita bere mutil berria. Zuhurra baita ikaragarri osaba. Kontakatilu bat ama. Neskazale amorratua aita. Eta harroa anaia. Polita, ona, jatorra, umila bezalako adjektibo positiboen erabilera azkenetan da. Kategoria gramatikaletik kanpo, adjektiboekin loturik, konparatiboak. Konparatibisten mundua gurea: Gehiago irabazten dut, X Y baino futbolaria txarragoa da, A B baino bertsolari hobea...
Aditzak dira guztietan garrantzitsuenak. Ekintzak bizi baitu mundua. Bere mutil berria, ez baita ezer izan aditzaren laguntzarik gabe. Boligrafo eta papera alperreko baitira idatzi aditzaren babesik gabe. Idatziak diren bezala irakurri-rik gabe. Pentsatu, borrokatu, irakurri, lagundu, eskertu, maitatu, banatu..
Pertsona izenordainak dira kategoria gramatikalaren barruko buru. Eta ez litzateke txarra baldin eta gu izenordainari emango bagenio lehentasuna. Bagina lagun, bagenu eskua zabal. Globalizaziorik ez, baina globalki pentsatuko bagenu. Espainian ez ikasi, ez lanik egiten duenari, Ni-Ni. Eta hau da gure izenordain gustukoena, erabiliena. Ni naiz, niretzat, nirekin. Ni lehena, ni onena, ni, ni.. Ni-Ni.

Larrepetit
Ni-ni
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu