Lumet hil omen da, eta bere azken pelikula ikustetik nostalgiaz irten ginenok gutxienez hasperentxo bat egin dugu; Doce hombres sin piedadizan da egunkarietan gehien aipatu dena, bizitzak salbatzen dituztenetakoa, behin ikusita betirako gogoratzeko irudiak ematen dituztenetakoa, «epaiketa pelikulen artean maisu lana» irakurri du baten batek; horrelakoetan sortzen diren opor egunetako bazkalostetan ahozabalka eginiko tertulietako batean kateatu zaizkigu Testigo de cargo, Charles Laughtonen papera, bere guztiak. Eta beste hura, Algunos hombres buenos, gainetik aipatu duguna batek baizik ez baitzuen ikusia; eta Juzgado de guardia?, hori bai, hori guztiok gogoratzen genuen, disparate sentsazioa behintzat, eta Ali Macbil, «anda ya», horretan abokatuak baino ez ziren ateratzen, orain askotan bezala, eta «un, dos, tres», Boston legal, Shark, Ali Macbil, hori esan dugu, baina «un, dos, tres» baino lehen, Damage, protagonista epailea da, ez abokatua, El programa de Ana Rosa; eta egin da isiltasuna, deabrua aipatu bagenu bezala.
Veredicto-n eman zituen bere legegile lanean lehen pausoak, anonimoaren zaborra errentagarri nola egin ikasteko ere master ezinhobea. Gero etorriko ziren ustezko hiltzaileen lagunei elkarrizketak, adingabea baten bat, CSIn ikasitako galdeketa bortitzak, kondena bete baina miseria putzu oraindik, bizilagunen artean murgiltzen diren erreportari eta kameren jazarpenaz bigarren kondena bete beharko dutenei umiliazioak, min eta mendeku gosezko delirioz adin txikikoen legea gogortzeko erregutzen duten gurasoak, ia programako kolaboratzailetzat, justizia ministroari kargu eskatzea seinalatuak abokatuarekin poliziarekin baino lehen hitz egin dezakeelako… eta Antena 3 eta Telecincoren programazio arazoak konpondu dituen Mari Luz kasuan adimen urriko pertsona bati platoko matoi guztien artean hitz eginaraztea.
Kafea amaitu eta isilik erretiratu gara, Ana Rosa eta Henry Fonda gogoan, bigarren hasperentxoz, gorde nahi dugun oroitzapenaz ziur.
Larrepetit
Nostalgiaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu