Kotxeko leihatila jaitsi eta ia beti zetorkidan eukalipto usaina. Lurmutur txundigarriak eta, uztaila izateko, tenperatura ezin hobea izaten genuen eguerdian ere, 21, 23 gradu, asko jota 26.
Baina gogoak alde egiten zidan eta abuztuan izango dudan solasaldi bat buruan zirriborratzeko Hartmut Rosaren liburu ezagunena eskuratu nuen.
Gai batzuek inguratzen gaituzte, okilak haritza bezala zulatu arte setiatzen, baina ez gara makurtzen, ez dugu boladan dauden arren jaramonik egiten, geure borondatez, onartzen dugun arte agian badela garaia, aurkitu dugula nola eta norekin hitz egin are eztabaidatu mokoka ibiltzeko beharrik gabe.
Rosak dio «gizarte sekular modernoan azelerazioa (erlijio) bizitza eternoaren promesaren baliokidea dela». Alegia, «gizarte modernoa sekularra dela termino kulturaletan heriotzaren aurreko bizitzari enfasi nagusia jartzen zaion neurrian». Alegia, mundu honetan dagoena axola zaigula, gure erlijioa dena delakoa izanda. Eta mundu honi esperientzia aberatsak eskatzen dizkiogula. Bizitza batean sartzen dena baino gehiago ematea nahi dugula. Oporretan ere ezinezko sintesiak bilatzen ditugu azelerazioaren eta etenaldien artean, geure buruak ederrak ikusi eta edertasunari kalte egiten diotela uste dugun ohituretan sutsuki militatu bitartean.