Badiouk dio Marxentzat proletariotza unibertsala dela baina ez daukala inolako tasun partikularrik. Unibertsala dela negatiboki. Tradizio estalinianoan, ordea, «proletariotza» sustantzia ordezkagarri bat bihurtu zen, ez soilik tasun negatibo bat. Proletariotzak bazuen irudi bat, ezaugarri zehatzak.
Alderdia izan da proletariotzaren askapenerako tresna nabarmenetako bat. Proletariotzak egia unibertsal bat ordezkatzen du eta alderdiak proletariotza ordezkatu behar du. Beraz, alderdia ordezkaritzaren ordezkaritza da. Gainera, alderdiko buruak daude, alderdia bera ordezkatzen dutenak. Apurka, ordezkatze prozesuan alderdiak ia bere funtzioaren kontrakoa izan dezake.
Norbanako batek estatuaren boterearekin unibertsala ordezkatzen duenean, ezin gara salbuespen immanente baten aurrean egon. Badiouren arabera, XIX. mende amaierako alderdi sozialdemokratek biratu zuten politika eremu horretara. Marxek ez omen zuen ideia hori. Alderdia ez da Marxen ideia bat, ostekoa da. Ekintza politikoaren zentroa ordezkaritzarekin trabatu zenekoa.
Ordezkaritzaren nozio hau salbuespen immanentearekin dago kontraesanean. Elementu bat ezin duelako beste batek ordezkatu. Ordezkaritzaren ideia eta eztabaida zentroan egon beharko litzateke askapenaren edozein prozesutan. Sortu eta berehala bihurtu zen alderdi sozialdemokrata alemana parlamentarismo alemanaren ardatza (are nazio alemanaren funtsezko elementua). Baina ordezkaritzen sare diren parlamentuek ez dute demokrazia unibertsalarekin zerikusirik. Badiourenak balio du gaur eta hemen —ordezkaritzarekin alderdien arazo berak dauzkate koalizioek ez eta herritarren hautagaitzek ere—.
2015eko martxoan argitaratu dute Peter Engelmanek eta Badiouk alemanez izan zuten solasaldia frantsesez: Quel Communisme? (Bayard). Filosofia eta politika modu sintetikoan.

LARREPETIT
Ordezkaritza eta proletarioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu