Azkenaldiko antzerki halakotzat onartuena defentsa ministerioaren eskutik etorri da, militarrek horretarako duten abileziaz. Soldaduska desagertu zela hamar urte betetzen zirelako elkartu ziren Carme Chacon ministroa buru. Gonbidatu gabe zegoenen bat kexatu da, Federico Trillo kasu, defentsa ministro ohia, soldaduskaren amaieraren sinatzaile. Izan da zerbitzu militarraren ezabatzearen meritua bere egin duen gehiago ere, UPNko gazteak kasu.
Ezin zuen bestela izan, han eta hemen, zuzendariari eskutitzetan, zutabegileen letretan, azaldu dira garaipen hori berena dela aldarrikatzera adinagatik eta hankarteagatik gizon egitera ejertzitora joatea zegokienak; gogoratu dute joan behar ez izateko ordaindu zen prezioa, altua, susmoa dut, laster inork gogoratuko ez duena, ia oroitzapen entrañable bihurturik etortzen baitzaizkit niri ere kalejira haiek, fribolo izatearen arriskuz diot, protesta dibertigarrienak ziren intsumisoenak (izateari uzten zioten arte).
Kontu ezberdinak ospatzen ari ziren baina egun bera izanik ere intsumiso izandakoak eta defentsa ministroa. Berria entzutera jarri nintzenean buruak tranpa egin zidan esan zutenean ospakizunean omenduko zituztela 200 urtetan zehar, «soldaduska amai zedin borrokatu zirenak», imajinatu nuen, «Espainiaren zerbitzura beren obligazioarekin bete zutenak» zen esaldia baina, eta Trilloren lekuan Narcis Serra egotearen argudio, ejertzito profesionala bere ideia izan zela, hain arrakastatsu. Militarismoa ez da arindu Libiari miretatik zehar begira gauden honetan, Estatu Batuak batik bat, pobreen heriotz zigor dirudien ejertzitoduna; eta horixe da norabidea; espainiar defentsa ministerioaren azken proposamena gero hamabi urtez ejertzitoan pasatzera konprometitzen zirenei medikuntza karrera ordaintzea izan da. Agian lortu zena klase ertainak soldaduskarik egin behar ez izatea da, baina gure bizi eredua gero eta gehiago sostengatzen da armetan, eta norbaitek daramatza.
Larrepetit
Ospakizun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu