Lapurdi kostaldeko jatetxe batera joan ginen. Zerbitzaria ez zen euskalduna, eta frantsesez zerrendatu nion jateko eskatu nahi genuena. Gure artean euskaraz entzun gintuen, eta segidan gazteleraz galdetu zuen edateko zer nahi genuen. Hori behin baino gehiagotan gertatzen zait, eta ez niri bakarrik. Begietatik tximistak ateratzen zaizkit halakoetan.
Badakit zerbitzaria, bere ustez, ongi beharrez hasi zela gazteleraz. Alta, nik uste frantsesa hark gaztelera baino hobeki mintzo dudan. Mintzen nauena ez da iruditu zitzaiola frantsesez ez naizela trebe, baizik eta zerbitzariaren ustez euskaraz mintzo diren guztiak, de facto, Hegoaldekoak direla, eta euskaldun lapurtarrik ez dela existitzen. Haur denboran, euskaraz entzun orduko, galdetzen ziguten ea espainolak ginen. Gauzak ez dira anitz aldatu geroztik, itxura guztien arabera. Egia da Lapurdi franko erdaldundua dela, baina euskaldunak ez gara hain gutxi ere!
Nafarroa Behereko bikote bat Hegoaldeko jatetxe batera joan zen. Lehenbiziko zerbitzaria erdalduna zen, eta bikoteak gazteleraz hitz egin zion. Bigarren zerbitzari bat joan zitzaien gero, karta frantsesez ere bazutela zehaztuz. Itxura guztien arabera, azentutik ohartu ziren ez zirela Hegoaldekoak. Bikotea denboraren buruan ohartu zen bigarren zerbitzari hura euskalduna zela. Nahiz eta bikotea elkarrekin euskaraz mintzo zen, zerbitzariak berdin jarraitu zuen. Ipar Euskal Herrian ez bide da euskaldunik zerbitzari haren iritziz…
Frantsesek ukatzen digute gure euskaltasuna, baina are mingarriagoa da euskaldunek berek ere ukatzen digutenean. Zein da arazoa? Ez dutela bista ona ala ez garela aski ikusgarriak? Eta bigarren arrazoia bada, zergatik? Eta nola bihurtu ikusgarriago? Hobe erantzunaren bila abiatzea, negarrez aritzea baino.

Larrepetit
Ostalariak eta euskaldunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu