Goizalde Landabaso

Osteratxoak

2024ko otsailaren 27a
05:00
Entzun

Heidi eta Marcoren belaunaldikoa naiz, eta ez dakit horregatik, edota, beste barik, atsegin dudalako, osteratxo asko egitekoa naiz. Apeninoetatik Andeetara edota Alpeetan zehar galduta baino etxeko bideetatik ibiltzen naiz. Burua argitzeko ezin baliagarriagoa da, eta bestetik, hara-hona ibiltzeari plazera hartu nion aspaldi. Lagunekin egiten dut maiz, baina gehien-gehien, bakarrik egitea gustatzen zait. Paseoa, txangoa, ostera... ez dago sinonimo askorik jende askok egiten duen jardunari esateko. Ezelango oinarri zientifiko barik ondorioztatu dut plazeretik gutxi ikusi diogula euskaldunok hemendik hara joateari. Beharbada Matisse bat falta zaigu promenade eder bat egiteko. Kontua da berriki jakin dudala, beste batzuen artean, Charles Dickens idazle britaniarrari eskertu behar diogula txangoen plazera. Diotenez, 19 km egiten zituen egunero, nahiko bizkor, 6 km orduko egiten baitzituen. Londreseko kaleak zeharkatzen zituen, eta antza denez, plazer berezia sentitzen zuen gauez egitean. Niretzat ere plazer izugarria zen gauez paseatzea, eta «zen» diot, lapurketa baten ostean beldurra sartu zitzaidalako, eta harrezkero, plazer mutilatua da nirea.

Leslie Stephen-ek  (Virginia Woolf-en aitak) ere maite bide zuen ibilaldiak egitearena, eta horren gainean idatzi zuen Ibiltzearen gorazarrea. Primitiboa dela zioen, ez zuela ezeren beharrik, eta poetek eta filosofoek ere egin zezaketela. Eta, zer diren gauzak, idazleak izan ei ziren (beste batzuen artean, jakina) ibiltzeari glamourra eman ziotenak. Jane Austen, William Wordsworth, Arthur Rimbaud edota Friedrich Nietzsche. Egon ote da plazer honetara emana egon den idazle edota filosofo euskaldunik?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.