Orain dela hilabete, Erroman ginela, espekulatzen aritu ginen ea hilko zen aita santua gu han ginela. Ez zen gertatu. Momentu historikorik bizi gabe itzuli ginen, nahiz eta Vatikanoko, Kapera Sistinoko eta Done Petri basilikako opulentziarekin flipatu genuen. «Baina zenbat balio dezake honek?», errepikatzen genuen ahizpak eta biok hara eta hona begira Stendhalen sindromeak eta aberastasunaren higuinak erdi eta erdi afektatuta. Aitak aitonaren hitzak ekarri zituen gogora: «Balio kalkulaezina du honek».
Aitonak, bizirik balego, penaz hartuko luke Frantziskoren heriotza. Baita amonak ere, ilusioz parte hartu baitzuen aita santuak abiatutako prozesu sinodalean, Elizaren oinarriak irekitzeko eta eraldatzeko egitasmoan. Antza, aldaketa handiak bultzatu nahi zituen Frantziskok: emakumeen parte hartze handiagoa, LGTBI kolektiboari egindako keinuak, instituzio barruko pederastia kasuen ikerketa, erdiguneari bainoago ertzei begiratzea, eta abar. Ulertzen dut amonaren grina, sinestuna eta aurrerakoia baitzen. Ongi ulertzen ez dudana da inguru feministetatik, ustez ateoetatik eta ezker politikotik, Frantziskori etorri zaizkion gorazarre neurtezinak. Azkarregi santutu dugu emakumeen aurka esamesak zabaldu, Vatikanoan marikoi gehiegi zeudela esan eta abortuaren eta eutanasiaren aurka argiki lerratu zen gizon guztiahalduna. Herritar xumeen alde egiteagatik utziko du legatua Bergogliok, baina ahazten zaigu aita santu ezin dela edonor izan, eta mundu osoko apaiz guztietatik 137k soilik dutela postu hori eskuratzeko ahalmena. Alegia, aita santua ez dela gure herriko parrokiako sazerdote jator eta konprometitua, instituzio barruan botere handia duen ordezkari bat baizik. Eta Elizaz zer esan, denok konklabean aditu bihurtu aurretik hobe genukeela immatrikulazioetan ere aditu bihurtu, ahal bezain azkar.
Baina aipatu gaiez jardun beharrean, ezker espektroko ahots autorizatu askok eman didate aitzakia inoiz baino egokiago erabiltzeko aita santua baino aitasantuzaleagoa esamoldea.