Julio Soto.
LARREPETIT

Patua

2015eko apirilaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Baten batzuek diote jaiotzen zaren garaiaren araberako nortasun zantzuak izaten dituzula. Egon izarrak hor, egon ilargia hemen, desberdina izango dela zure bizitza ulertzeko modua, zure bizitzeko era. Oso perfekzionistak omen dira Virgo-ak, eskuzabalak Leo-ak. Norberaren sinesmenaren esku egoten dira halako baieztapenak irenstea, nik sinesten ditut. Nik sinesten dut baduela zerikusirik zure izaeran sortzen zareneko uneak.

Behin berezko nortasun arrasto batzuk barruan, zure familia, zure bizipenak, zure ingurua (kultura, giroa, lagunak) izango dira arrasto horiei forma emango dietenak eta aldakorra den nortasuna osatzen joango direnak. Esan liteke berezkoa forma hartzen joaten dela.

Baten batzuek diote gizakiok idatzirik dakargula gure patua, nortasunaren arrasto lodienak aldez aurretik emanda dakartzagun bezala, gure zoria ere sortzen garenerako emanda dagoela, eta ez dagoela hari ihes egiterik. Aurrekoa bezalaxe, baieztapen hori ere norberaren sinesmenaren araberakoa izaten da, baieztatzeko bezain kontu lausoa baita ezeztatzeko ere.

Nik gero eta gutxiago sinesten dut kasualitateetan, gero eta gehiago gertatzen den guztiaren atzean, zer ez dakidan arren, zerbait ezkutatzen dela. Sinesten dut balitekeela agian norberaren patua idatzirik egotea, baina ez erabat. Sinetsi nahi dut geroaren norabidea akaso bideratu xamar egon daitekeela, baina norberaren esku dagoela norabide hori apur bat aldatzea, nolabait ere haize aurka joan eta zure bizitzari, agian ez nahi duzun norabidea, baina lor dezakezula gutxi gorabehera aldez aurretik emanda dagoen norabide horri zuk hautatutako noranzkoa ematea. Agian ezinezkoa da patuaren gertaera garrantzitsuenei ihes egitea, baina sinetsi nahi dut norberak bere bizitzaren zatitxo bat bere esku duela.

Ongi gauza tristea litzateke gainontzean bizitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.