Ubaba izenez agertu da egunotan prentsan, baina etxean, Pilatoren balkoia esan diozue beti Urbasako paraje horri. Izenaren jatorria nonbait ez dago argi, baina badirudi 1936ko gerraren ondoren hasi zitzaiola horrela deitzen. Gezurra dirudi, baina orain arte ez zara pentsatzen jarri haren esanahiaz. Katekesirik egin gabe ere badakizu Pontzio Pilato izan omen zela Jesusekin akabatzea baimendu zuen agintari erromatarra. Herioa ezin zen urruti egon halako izena jarri zioten tokitik. Orain ulertu duzu dena.
Camino Oskoz maistrak 26 urte zituen falangistek atxilotu, behin eta berriro bortxatu, ilea moztu, kaleetatik paseatu, tirokatu eta, azkenik, Pilatoren balkoitik behera amildu zutenean, hilotz zela. Faustino Rubio, aldiz, oraindik bizi zela jaurti zuten amildegitik. Arabatik ihes egiten saiatu zela atxilotu zuten olaztiarra. Ameskoan barna eraman zuten, eta Urbasara gero. Navarra 1936. De la esperanza al terror liburuan kontatzen denez, haren borreroek, bidean mokadua jatera gelditu zirelarik, zuhaitz batera lotu zuten Rubio, eta janari hondakinak bota. Gero, Pilatorena eginez, haren heriotza erabaki zuten, eta labarretik jaurti. 22 urte zituen.
Badakizu faxistak ez zirela gorpuak desagerraraztearren bakarrik aritu horrela Ubaban edo Otsoportillon. Sufrimendu erantsia gehitzea ere bazutela helburu. Bizirik jaurtitzen zutenaren sufrimendua, eta baita bizitza osoan zehar irudi hori garraiatuko zuten senideena ere.
Hori du indarkeria bikarioak latz, bestela ere latzago ezin den indarkeria matxistaren barruan. Emakumearen sufrimendua areagotzea xede duela, umeak erabilita. Biktimak biderkatzea. Eta duda duzu ez ote duten hainbat hedabidek ere Pilatorena egin azken egunotan, hiltzailea maitasun harreman bat gainditu ez zuen gixajo gisara aurkeztuz. Duda duzu, heriotza agindu ez, ados, baina justifikatu ez ote duten.
Ubaba azpian dago gure lurraldeko paraje politenetako bat, Urederra. Ez dute beti hitzek asmatzen.
LARREPETIT
Pilatorena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu