Pasa den astean bi udaberri-haizek jo zuten gogor Bartzelonako hiria, Bartzelona hiri gisa modu errotikakoki diferentetan ulertzen duten logiken eztandak biak ere; jakina, ari naiz Can Viesen suntsiketaren osteko herri erantzun indartsuaz eta Primavera Sound musika-jaiadi erraldoiaz. Izan ere, mossogintzaren testigantza ikaragarriak —hatz txikituak, bekain lehertuak— batzen dituen bideo batean (via La Directa), argi azaltzen du gune aske sants-tarreko kide batek: Can Viesekoen ikuspegitik kaleek, oroz gain, behar dute izan bertakoentzat, hots, bertan bizi direnentzat, eta ez tarte baterako dirua xahutzera etorritako bisitarientzat, alegia, á la Udalak azken urteotan sustatutako eredua bezala. (Hizlariak zuzenean aipatu ez arren molde horren adibide aski paradigmatikoa litzateke PSa, eta bide batez, kontu guztiak ez al dakar Bilbo ile-lazgarriki gogora?).
Iruditzen zait bi hiri-planteamenduen arteko oinarrizko eta egiturazko diferentzia aise azal daitekeela lagun batek bota ohi duen galdera desmuntatzaile batekin, zenbait jarduni ematen diegun garrantzia zalantzan jartzeko nolabaiteko Bechdel test batekin: bai, bai, oso interesantea dena, baina horren etxean zeinek garbitzen ditu platerak? Metafora gisa platerak, Silvia Federicik datu historikoekin zutarritzen duen kritikaren laburpen-irudi gisa platerak. Autogestioa/gune askeak ez-eraginkorki idealizatzetik urrun, irmo idatz dezakedan gauza bakarretakoa da zapatuan herritar olde bat joan zela Santseko plazara errealitate besteak eraikitzen segitzera garabiak deuseztatzen saiatutakoaren hondarretatik eta Primaveran jardun genuenok, ostera, domekako ordu txikitan atzean utzi genituela gure zilarrak, zikinak eta zaborrak, beste norbaitek desagerraraz zitzan.
Plateren kudeaketaz erabakitzea ere gure esku ote?

LARREPETIT
Platerak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu