Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Poetaren etxea sutan

2023ko uztailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Liburua indusketa tresna bat da. Eraman zaitzake eskuekin har dezakezun beste edozein tresnak baino urrunago giza paisaian. Ez da metafora bat, gauza zeharo prosaikoa da. Hartu liburu bat, hasi irakurtzen hondartzan eta harearen oinarrizko arauak betetzen badituzu (ez zipriztindu etzanda daudenak beren aldamenetik pasatzean) edonora irits zaitezke.

Louise Glückek 1994an argitaratu zuen saiakeren bilduma bat nuen esku artean itsasoari hareazko harresi bat egiten ari zitzaizkion haur batzuen ondotik pasa nintzenean.

1980an etxea erre zitzaion Glücki, Ameslaria eta zelataria piezan kontatzen du. Sute hura poeta berrogei urte betetzeko bidean zela gertatu zen, galera nabarmenen zain eman zuen bizitza hogeitaka urte zituenetik, baina sute hura galera inportanteetan garrantzi txikikoena izan zen. «Erre den etxea: bildumatzaileari errieta. [...] Zorionekoa sentitzen nintzen jaikitzeagatik, zorionekoa ohea egiteagatik, kafea ehotzen zuen pribilegiatua nintzen. Bazen, gainera, minaren denboraldi suntsikorraren ostean euforia bitxi bat. Ez nuenez ezer, honezkero ez nintzen nire jabetzek bahitutako norbait».

Poeta baten lana bere obra ia osoa idatzi duenean ezagutzen duzunean, sarritan gertatzen da gaztetako promesa eta zahartzaroan metatutako ekoizpena nahastea. Ezagutu nuenetik, beti zen Glück egunerokotasunari zentraltasuna ematen zion egile bat. Etxeko kontuei, literatura burgesak hutsalak jo dituen gaiei, toki nabarmena egiten zion autoretzat nuen bera.

Horregatik harritu ninduen, ia mindu, irakurri nionean «Nire obra beti egon da gogor markatua zirkunstantziala denarekiko mespretxuarekin». Sarritan gertatzen da, etxeko logistikan ezinbestekoak diren gaitasunekin: norberak bere burua menosten du.

Ez du Glückek esaten, baina sute hark ekarri zuen gaur egungo poetarengan zentrala den ezaugarria: hizkera eta gai arrunta, kolokiala. Ordea, hau esaten du: «Idazkera ezezagunaren deskubrimendu gisa ulertzen badugu, arrunta dena zen ezezaguna niretzat» sutea gertatu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.