Ikusirik euskalduna zer lortzeko bidean den Euskal Herritik kanpoko parlamentuetan, lehendik dakiguna ikasi dugu: eskubideak ez dira eskubide aldarte politiko egokia fortunatu ezean. Ez dabil oker eskuin muturra, presidentegaiak botoak behar dituelako heldu gara egoera honetara. 44 urte izan dituzte bestela.
Ez dakit egia den euskaldun askok dioena besterengatik, alegia, etxean tautik ez baina, oporretan kanpoan dabiltzala, orduan egiten dutela euskaraz, gangarki maiz, inoren aurrean nabarmentzeko zer diren. Berria izan bezain laster, Madrilen diren diputatuak etorri zitzaizkidan akordura, a zer putadaka, nor bere bostean borrokan, zer egin hemendik atzera, edo oporretako horien moduan jokatu edo, dena delarik gaia, estu hartu eta saio guztietan erabili. Jendea izango baitute adi, etxean adiago legebiltzarrean bertan baino. Ikusi egiten ditut beren buruarekin tiki eta taka, zertarako egin euskaraz gero gazteleraz erantzungo badit eta, beroan, badakit, halaxe erantzuteko gogoa nagusituko bazait, neuk ere errazago egiten baitut erdaraz euskaraz baino, zer esanik ez bestea hala ari bazait, lagunekin gertatzen zait eta.
Orain hurrena, Iñaki Anasagasti aritu zen gaiaz Radio Euskadin. Madrilen zein Bruselan euskaraz egiteko eskubidea defenditu zuen, kontrakoen arrazoiak erruki gabe xehatzen entzun nuen, azeria da halakoetan gizona. Ez zuen baina, penatxo, eskubide formaletik harago jo. Ez zuen hiztunak egunerokoan dituen buru-nekeetan sakondu, konparazio batera, eskubidea izan arren, administrazioak berak behartzen duenean gaztelerara jotzera edo, psikolinguistikan, aitortuz badakiela euskaldun bati, tematienari ere, behin eta berriz erdaraz erantzunez gero, azkenerako etsi eta gaztelerara joko duela. Izan ere, zein hitz zatarra den politikan diglosia.
Eta gu anartean, betikoan. Muturra beltz, purrust eta parrast, sekula ere ez kontentu.

LARREPETIT
Politikaria eta hiztuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu