Maider Galardi

Prestigioa

2025eko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurten Leioako fakultatea zapalduko dudan azken eguna da. Ezohiko azterketa dut. Dute. Nik prestatu dut froga, eta gero nik zuzendu beharko dut, baina egin-egin, ikasleek egin beharko dute. Puntuala naiz, baina aurreikusia dut ez dela inor etorriko. Hala izan da. Eserita geratu naiz pasilloan, norbait etorriko zain, eta ate zaintzakoa hurbildu da beste irakasle bati bere ezohikorako gelako atea zabaltzera. Galdetu diet ea zenbat egon behar dudan zain azterketara norbait etorriko. Nire errua izan da, ez dut matizatu zein den nire rola hemen. Irakasleak —gizon heldua— goitik behera begiratu nau, eta esan dit: «Ze ordutan zitatu zaitu irakasleak?». Eta erantzun diot: «Ni naiz irakaslea». Grazia egin dit, hasi nuen bezala amaitu dudalako ikasturtea, sarrerakoei azaltzen ez naizela ikaslea jada, eta emateko mesedez klaseko giltza.

Berez, oso gustura nago unibertsitatean, eta hori bada, partez, inguruan jende jator askoa dudalako: tesi zuzendari onena izan dut, eta aurten bulego berrian, eduki nezakeen konpainia onena. Ikerketa taldea, sailkideak eta ikasleak. Beste fakultate batzuetako kideek esan izan didate zortedun naizela. Izan ere, bistan da egiturazko zapalkuntzak ere erreproduzitzen direla unibertsitatean, berezitasun batekin, gainera: darion «prestigio» lurrinak lausotzen ditu desoreka horiek, baina begira, irakasle emakume gazte honek ikasturte osoa pasatu du postu hori defendatu beharrean. Imajinatu zer izan behar duen, orduan, zuzendari, ikerlari nagusi, sailburu... misogino bat edukitzea hasiberri bezala. Irudikatu zeinen zaila izan behar duen hark eskatutako masaje bati ezetz esatea. Pentsa zein inpunitate eduki behar duen tipoak bere sare sozialetan esateko indarkeria matxistei buruzko ikerketen rankingean lehena dela. Eta orain hausnartu zein zaila den isiltasun horrekin haustea. Eta hautsi denean... Gainontzekoak isilik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.