Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Sagardui eta 389.000 lapurrak

2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Ez dakit non idatzi zuen Trotskik, indarkeriaz gogoeta egiten zuela, zuk hil dezakezula norbanako bat (poliziaren, nagusiaren, epailearen jantzia daramana) baina horrek ez duela norbanako horrek zapalkuntza sisteman okupatzen duen tokia desagerraraziko. Hil ostean beste batek beteko duela toki hori. Kapitalismo parlamentarioan administrazio publikotik dimisio zehatzen eskarien hotsa nabarmentzen denero oroitzen dut Arestik bere bertsoetan gogoan zuen sobietar iraultzailearen gogoeta. Azken asteotan, Mendebaldeko osasun sailburuak duela aspaldi Euskal Herri osoko administrazio guztiek egiten dutena publikoki aitortzeagatik haren burua eskatzen ari dira han eta hemen. Osagai ekonomiko berekin beste norbaitek diferente kudeatu ahalko balu bezala.

Sakoneko azterketa nork egingo zain. Nola izan daiteke legala ez soilik sindikatu korporatiboak egotea baizik eta mailakakoak. Alegia, nola da posible egotea medikuen sindikatuak erizainen interesen gainetik, erizainenak laguntzaileen gainetik, laguntzaileenak garbitzaile, sukaldari eta zinpekoen gainetik. Nola da posible osasungintzako funtzionario izanda alor pribatuan ere lan egitea. Ze sistema klase da langile publikoek mutua eta erretreta pribatuak dituztena, seme-alabak itunpekora daramatzatena, ala publikora eramanda eskolaz kanpo hezkuntza atalasea pribatuki goratzen dutena. Klase ertaina da. Ezkerrekoa ala eskuinekoa, diskurtso errepublikarrekoa ala neoliberalekoa.

Nietzschek esan omen zuen osasunaren auzia, filosofiarena ez bezala, jende guztiari interesatzen zaiola. Baina osasuntsu egotea ez dela soilik azterketa mediko bat gainditzea. Filosofo alemanaren aburuz, osasuntsu dagoenak ingurua dominatu dezake, indarkeria erabiltzeko prest dago.

Horregatik, klase ertainetik kapitalismoko zera publikoarekiko nostalgiaren gainetik, osasunaren aldeko indarkeria ordena berri baten abiapuntua izan liteke, egungo esklabotzak ukatuko dituen borroka baten hastapena bertan genuke (ikus.: B. Groys).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.