Larrepetit
Sakelakoa
Autobusaren zain geunden, eta behin eta berriz begiratzen zuen sakelako telefonoaren pantaila ordua begiratzeko aitzakiarekin. «Eskuko telefonoa dudanez geroztik, ez naiz sekula bakarrik gelditzen», esan zidan, ziurtasun handia erakutsiz eta elkarrizketa gaia aldatuz. Nik baiezko keinua egin nion. Ez nuen ezer esan. Ez nintzen ausartu kontra egitera bakarrik egotea gustuko dudalako; ez dudalako besteen presentzia—birtuala edo erreala— behar etengabe kontrolatua eta begiratua sentitzen naizelako. Zalantza daukat abantaila edo desabantaila den beti lokalizatuta egotearena. Duda dut bakardadea desagerrarazteko gai den gailu hori, baldin eta ondoko bizilagunarekin hitzik egin gabe jarraitzen badugu eta gure psikoanalistari bakarrik azaltzen badizkiogu gure arranguren nondik norakoak. Ni ez nau lasaitzen kontaktuen zerrenda begiratzeak eta 125 pertsona ditudala jakiteak autobusean bakarrik baldin banoa bidaiak hartzen duen denbora tartea betetzeko. Ez dut inoiz neure buruaren komertzial lana egin, eta planak ditudala kontatu telefonoaz bestaldean dagoenari autobusean doazenek nire elkarrizketa entzun dezaten eta naizena baino interesgarria naizela pentsa dezaten —eta, noski, zeharka begiratu entzuten nautela ziurtatzeko—. Nerbiostu egiten naute ezer ez esateko deitzen didatenek eta nerbiostu egiten naute ere non nagoen eta zertan ari naizen galdetzeko egiten dutenek. Petraldu egiten naiz txikikeriak kontatzen dizkidatenean nire belarriak gauza transzendentaletarako bakarrik eginda egongo balira bezala. Nerabe sentiarazten nau segapotoak, eta nire gauzak kontatzeko gogoa kentzen dit. Mugikorrak dituen abantailez jarraitu zuen hizketan. Hitzorduak aldatzeko ematen duen aukeraz. 17:00 geratu eta 16:55ean «Berandu iritsiko naiz» jakinarazteko duen aukeraz. Nik ez nion ezer esan, baina amorru bizi sorrarazten dit zain egon beharreko ordu erdi hori. Ez nion ezer esan erretxin itxura ez emateagatik eta zorabiatzen nintzela aitzakia horrekin ez nintzen bere ondoan eseri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu