Hedoi Etxarte

Saul Leiter ezkutukoa

2024ko maiatzaren 4a
05:00
Entzun

Apirileko astearteetan nuen itxaropena txikiegia zelako agian, baina nekez espero nuen, metalezko pitxerran kafearentzako esnearen goiko geruza lurrunarekin epeldu eta aparra egiten ari nintzen bitartean, handik minutu gutxira ezagutuko nuela Saul Leiter. Bizitzako alor gehiegiri buruz gutxiegi dakienaren ilusioarekin eta lotsarekin hasi nintzen bezeroak erosiko zuen liburua begiratzen, hark esan zidan: oso merke dago argazki liburu bat izateko eta begira ze txukun inprimatua.

The Unseen libururako Leiterrekin hemezortzi urteko laguntasuna partekatu zuen Margit Erb-ek eta haren senar Michael Parillok 5x5 zmko hamar mila diapositibetatik hirurogeita hamasei hautatu zituzten, Erb-ek aitzinsolasean dioen bezala, «izebergaren punta». 

Absurdoa da idatziz argazkiei buruz idaztea baina liburuko irudi batzuk buruko diapositiben proiektorean trabatuta geratu zaizkit. Orain, kalean orbela ikusten dudanean ala bikote bat banku batean exerita, Central Parkeko diapositiba datorkit gogora, argazkiaren herena baino gehiago beltz agertzen dena. Dutxa-itxitura begiratzen dut azala xaboiarekin igurzten dudanean eta Zenbait langile irudia datorkit gogora. 

New Yorkeko Museo Juduan esan omen zuen Leiterrek artearen historian kolorea menostu dela: «Beti egon da kolorea azaleko zerbait gisa ulertu duenik. Marrazkia zen garrantzitsua; itxura zen garrantzitsua; baina kolorea beti egon da susmopean. Ez dut ulertzen kolorea menostea. Uste dut bizitzako osagai garrantzitsu bat dela eta argazkilaritzan ohorezko toki bat duela». Leiterrek, argazkiak egiteaz gain, margotzen zuen, kolore biziz, argazkiak ere margotzen zituen, horregatik, Michael Parillok liburuaren hitzatzean nabarmentzen duen bezala, Leiterren «lan guztia koloreari buruzkoa dela esan daiteke».

Duela egun batzuk, oharkabean etorri zen beste lagun argazkilari bat lantokira, esan nion, izena gogoratzen ez nuen argazkilari baten liburu zoragarri bat ezagutzen ari nintzela –ez dakit argazki liburuekin zer egiten dugun, irakurri, begiratu, ezagutu–. Esan zidan «Paul Leiter! Bolumena hoberen ulertu duena». Nik ez dakit bolumena den hori, jakitearena noiz egin klik kalean dauden dinamikei, urari, autoei, oinezkoei, elur bola egiten ari den beroki gorridun emakumeari, ezkutukoari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.