Semeari atentzioa eman zion arbolapean belar artean erdi kamuflatuta zegoen lupu berde horixkak. Haren koloreei begira, arbolapera hurbildu ginen hiru belaunaldi. Argazkiak atera eta atera, zein eratako beldarra ote zen jakin nahian martitzarra zirudien hori. Gerora jakin dut belar artean kamuflatutako lupua laster enbor ilunean kamuflatuko den sits iluna izango dela, sits pirata edota heriotzaren tximeleta deitutakoa, hain zuzen ere. Toraxean burezurraren antza duen marrazkia duelako jarri zioten izen hori. Europako tximeletarik handienetakoa omen dugu, gau-txoria, gozozalea. Ezelako minik egiten ez duen tximeleta. Baina bere itxurak (burezurraren irudiak) heriotzaren mezulari bihurtu du hainbat kondaira eta ipuinetan, sona txarrekoa bihurtuta, errukirik gabe jazarria eta zapaldua. Serieko hiltzaile baten film ezagun bateko kartelean ere ageri zaigu gaixoa.
Itxura. Zorigaitzeko itxura. Itxurari zenbateko garrantzia ematen zaion oraindik ere edota gero eta gehiago edo... Batek jakin. Oraindik ere, itxuragatik neurtzen ditugu ingurukoak (eta okerreko epaia zenbatetan eman dugun!). Eta itxura zaintzea beste buruko minik ez dugula ematen du askotan. Hor dira zaindu beharreko aberats itxura, eder itxura, gazte itxura, zoriontsu itxura... Zentzugabeko zaku bete itxurakeria. Eta zer den besteek inposatutako fama txarra. Batzuei egin ahalak egin, betirako sits pirata izatea tokatuko zaie. Eta euren kontrako zentzugabeko jazarpen orori zentzudun itxura ematen ahaleginduko dira; uneoro zapalduak izatea, justifikatuz. Kolore iluneko eta ustezko itxura beldurgarridun sitsak gure begiraden jabe egiteko gai diren berde-horixka argiak ere badirela ezkutatuz ahal dela, berez minik egiten ez duen edertasunak gupidagabe izatea eragotz ez dezan.
LARREPETIT
Sits pirata
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu