Larrepetit

Sortu-Aralar

urtzirrutikoetxea
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Espainiak joko-arau batzuk asmatu zituen, euskal independentismo militantea legez kanpo uzteko. Arau horiei neurria hartzen asmatu duelarik, lotsarik gabe geratu da agerian bost axola zaizkiela arauak, euskal independentismo militantea ez dutela demokrazian nahi. Zer hausnartua ere badakar, euskaldunak sasian egotea espainolek inork baino gehiago nahi badute, baina hurrengorako utz dezagun hori. Independentismoak ez dauka lekurik demokrazian. Iraingarria behar du argudio horri aurka egiteko aitzakia norbera izatea etengabe. «Independentismoa ez dago legez kanpo, Aralar independentista eta legala delako», entzuten dugu maiz. Independentista zintzoa. Eta Aralar haserre, noski, horren zintzoa ez dela argi utzi nahian. Ezker abertzalea, berriz, gaiztoa izateari utzi diola eta dagoeneko zintzoa dela erakusten behin eta berriz. Barre handirik egin gabe ere, egoera erridikulua da.

Salatuko ditu atxiloketak eta torturak, eta kritika txikiren bat edo beste jasoko du gehienez Aralarrek. Beso zabalik hartu zuten iraganarekiko inolako konturik eskatu gabe, oraindik ere gaitzespen eta antzeko berbarik erabili barik. Irakurketa zen ezker abertzalea zatitzen zuela, eta hori beti on. Salaketa gehienak beste aldetik, atzo arte lagunengandik iritsi zaizkie. Hortxe gure etxearen tamala: errazago da batzokitik datozen independentistekin elkarlana, EA/ezker abertzalea edo EAJ/Aralar, Herriko Tabernan urtetan elkarrekin egon direnena baino. Espainiako epaileen aurrean Sorturen defentsa onena Aralarrek egitea dauka: gogorarazten inoiz ez diotela eskatu, eta ez duela salatu, iraganeko borroka armatua, aralarkide garrantzitsuek justifikatutako atentatuak ez direla oztopo izan legeztatzeko. Ahalkerik gabe esaten askok txalotu egiten duela borroka antifrankista. Gureak Txiki, Otaegi eta Argala direla, ez Meliton edo Carrero. Sorturen defentsarako ez eze, independentismoaren kapitulu negargarriak ixteko urrats garrantzitsua izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.