Onintza Enbeita
LARREPETIT

Sugeak

2017ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ipar Dakotako siouxen garaipenak ez du askorik iraun. Telebistan ikusi genuen luzaroan egon zirela akanpatuta Kanadan behera zetorren oliobidearen kontra. «Ura bizitza da», esaten zioten Obamaren Gobernuari Misuri ibaiaren ertzeko errezuetan. Azkenean, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak hodiak lur haietan ez lurperatzea erabaki zuen, nahiz eta justizia administrazioaren epaia eman gabe zegoen oraindik. Baina joan zen Obama eta etorri da Trump. Eta horri bost axola Misuri ibaiak, Oak lakuak, Ipar Dakotako siouxek eta beste guztiak: oliobidea pentsatutako bidetik egingo du, eta kitto. Hasierako proiektuaren arabera, Ipar Dakotako hiriburuaren iparraldetik pasatzekoak ziren petrolio-hodiak, baina hango ura kutsatu zitekeenez, indioei oparitu zizkieten. Ba omen dute siouxek suge beltz bati buruz hitz egiten duen profezia bat: lurpetik esnatuko ei da suge beltz hori munduari sufrimendua eta suntsipena ekartzeko. Irudimena piztu orduko ulertzen dugu guztiok, kasu honetan, petrolioa dela suge hori.

Kontua da gurean ere badirela sugeak, beltzak izan ez arren. Zer da, bada, Abiadura Handiko Trena hiritarrak hiriburu batetik bestera eroso joan daitezen, herriak suntsitu dituen sugea ez bada? Hemen ere egin ziren protestak, egin ziren herri kontsultak, alegazioak, mozioak... eta denak izan ziren alperrik. Laster hasiko ei da suge hori Euskal Autonomia Erkidegoari bueltaka inora ez garamatzan borobila etengabe osatuz. Osineko sugearen moduan, bueltaka. Hori bai, trenak pertsonak jan beharrean baserriak jan ditu, ingurumena jan du, berreskuratuko ez ditugun ur putzuak suntsitu ditu. Baina zenbaitek jarraitzen du pentsatzen herrietako jendea ez garela solidarioak hirietakoarekin eta horregatik haserretu garela hiru edo lau baserri erauzi dituztelako. Eta segitzen dute sugeari jaten ematen: lurra bera ere, ura bezala, bizitza dela konturatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.