Coetzeek zentsurari buruz argitaratu zuen artikulu bilduma mardul hartan bada sumindurari buruzko pasarte bat. Bertan, Coetzeek Joel Feinbergen galdera bat berreskuratzen du: nola sentitzen gara sumindura sentitzen dugunean? Feinbergen arabera, askotariko bizipenak harilkatzen zaizkigu suminduta gaudenean: nazka, lotsa, mina eta larritasuna. Guztiak senti ditzakegu, ala baten bat. Ala senti dezakegu norbaitekiko erresumina.
Coetzeek Edward Westermarcken hitzak ere bildu zituen. Westermarcken esanetan, sumindura morala (eskandalua, iraina) ira eta mendekuaren ahizpa da. Bi emozioon jatorria erresumina litzateke, zigorra eragiteko bulkada primitiboa. Alegia, min morala jasan duenak beste norbaiti mina egiten ahal dio erantzun gisa. Gainera, sumindura gertakizun batekin lotu ohi bada ere, normalki, sumindura horren erantzulearen kontrako epai moral bat ezkutatzen du. Beraz, Westermarcken arabera, suminduta egonik epai moralak ematen dituenak ezin du epai judizialik eman, epai moralen oinarrian zigorra dagoelako.
Espainiako Erreinuko epaitegiek 40 urtean izan duten zilegitasun maila baxuena bizi dute egun: urriaren 1aren kudeaketa eta Kataluniako dosierra, oro har; rap abeslari eta txiolarien kontrako gurutzada; Altsasuko auziko esperpento guztiak; talde bortxaketaren epaia eta boto partikularra. Halako krisietan, oso ongi mugitzen da eskuin muturra. Justizia ez-demokratiko bat are autoritarioago bihurtzeko gaitasuna dauka. Horregatik, beste justizia eredu batean pentsatzeaz gain, bada sentimenduei buruz eta sentimenduen traslazio politikoez berriz pentsatzeko garaia. Intentzio onenarekin eska dezakegulako zigorraren kulturan oinarrituko ez den sistema bat, baina sistema hori pentsatu eta eraiki bitartean, ongi legoke iraz eta suminduraz ere gogoeta egitea. Suminduak antagonistari min egin nahi diolako, berak sufritu duen, edo sufritu duela sentitu duen, mailaraino behintzat.

LARREPETIT
Sumindura eta zigorraren kultura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu