Idoia Etxeberria.
Larrepetit

Toki bereziak

2013ko otsailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Suedian bada dena izotzezkoa den jatetxe bat. Stockholmen. Absolut Ice Bar. Edalontziak ere izotzezkoak dira. Zero azpitik bost-sei gradura jaten da. Janari hotza, noski. Bestela, platera urtu egingo litzateke. Kontua ere izoztuta geratzeko modukoa izango da.

Are hotzagoa da Nurembergeko Bagres Robot Restaurant. Zerbitzaririk gabekoa. Bezeroak pantaila taktilean aukeratzen du janaria. Txartelarekin mahaian bertan ordaindu. Eta janaria modu automatikoan iristen zaio sukaldetik. Agurtu beharrik ere ez.

Lur azpian jatea ere posible da. 80 metrora. Finlandiako meatze batzuetan jatetxea jarri dute, Helsinkitik gertu. Badu abantaila bat: neguan, kanpoan baino hotz gutxiago egingo du. Baita ur azpian ere: bazkal dezakegu itsasoaren mailatik bost metro beherago. Maldiva uharteetan. Donostiako Aquarima gogorarazten duen kristalezko tunelean.

Eta zeruan jatea, lurretik 50 metrora? Baita ere. Mahai dotorea garabi batetik zintzilik jartzen dute, bezeroak aukeratzen duen tokian. 8.000 eurotik gora kobratzen dute pertsonako. Belgikarra da ideia izan zuena, David Ghysels. Haren hitzetan, «jendeak esperientzia berriak nahi ditu. Lagunei esan nahi diete zerbait sinestezina egin dutela, bakarra».

Ingurukoei kontatu beharra. Gainerakoak baino gehiago izatea. Bereziena. Diferentzia bakarra dirua denean. Eta disfrutatzeko dugun ezintasuna.

Euskal Herrian ez dugu halako jatetxerik, nik dakidala. Azkenaldian beste joera bat ari da gailentzen, gainera. Abandonatutako tokiak kulturgune bihurtzekoa. Eliza eta komentuak, esaterako. Azpeitiko San Agustin antzokia tarteko. Leitzan, lehengo guardia zibilen kuartela gaztetxea da orain. Gernikako Astra arma lantegia, berriz, kultura fabrika. Urretxun, Irimo industrialdeak antzeko bidea egingo ei du.

Esperientziak partekatzeko toki bereziak. Zerbait sinestezina dirudi. Mundua nola dagoen ikusita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.