Hedoi Etxarte

Trabestiok argia behar dugu

2024ko ekainaren 15a
05:00
Entzun

Françoise Hardy hil zen egunean, logikoki, abeslaria gogoan, hiru-lau topiko artikulatzen ibili ziren Frantziako hedabideetan. Deigarria egin zitzaidan adierazpen bakarra, McKenzie Warkek Xn idatzi zuena izan zen. Warkek zioen Hardy izan zela, pop abeslari cis bat izanda ere, barailezur indartsuekin itxaropena eman zuen emakume bat. 

Barailezurrak aipatu eta kolpetik lotu nuen berriki ere hil den Roberta Marrero artista eta poeta. Hil baino aste batzuk lehenago argitaratu zuten Marreroren bigarren poema liburua. Aurten, Espainiako poesiatik irakurri dudan onena, Jose Daniel Espejoren Perro fantasma-rekin batera. Olerki perectar honetan, adibidez: «Gogoan dut/ bizitzea arriskutsua zenean baina bizirik sentitzen ginen./ Gogoan dut/ hormonatzea suizidio bat zenean./ Gogoan dut/ ezpain-margoak eta semenak azukre-bixar zaporea zutenean./ Gogoan dut/ kontrolez kanpoko sua ginenean./ Gogoan dut/ zoriontsuak izan ginenean./ Gogoan dut/ heroiak izateko aukera izan genuenean./ Gogoan dut/ axuri bilakatzen ginenean ehiztariaren haragi izateko./ Gogoan dut/ ez nuenean hil nahi./ Teknikoki honezkero hilda nago».

Marreroren Derecho a cita aipuen hautaketei egindako erantzunek osatzen dute. Oscar Wilderen «Ez ditut atsegin zure ezpainak, zuzenak dira gezurrak esaten ikasi ez duen norbaitenak bezalakoak. Gezurrak esaten irakatsi nahi dizut, zeren hala zure ezpainak ederrak eta okerrak bihurtuko dira maskara zahar batenak bezala». Eta Marredok erantzun: «Ez nazazu armairu batean maitatu,/ ilun dago eta heze./ Trabestiok argia behar dugu,/ landareek bizitzeko bezala,/ bitxiek distira behar duten bezala./ Ez nazazu maita sekretuan,/ sekretu aurpegia ote dut?/ Adorea sexya da,/ izan zaitez adoretsua eta emadazu muxu taberna batean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.