Ez naiz iaioa txisteez gogoratzen, horretan ere, berez behar Billabonakoa. Hala ere, bada bat ahazten ez dudana. Lehengoan gomutatu nintzen, eguberri jaiak laster, trentxoa ikusi nuenean jostailu-dendako erakusleihoan, jira eta bira.
Ezagutuko duzue. Ba omen zen artzain bat artaldea jagoten zebilena trenbide ondoko belardi gozoan. Halako batean, ordea, deskuidatu eta hor doaz guztiak aldran trenbidera, hain zorte eskasaz non trena orduantxe pasatu eta denak sarraskitu zizkion. Handik aste batzuetara, hirira joana zela, zer eta jostailuzko trentxoa erakusleihoan. Barrura sartu eta hor ekiten dio ukabil- makilaka, trena xehatu arte. «Baina, baina, gizona, zer zabiltza?», diotso dendariak. «Hauei txikitatik erakutsi behar zaie! Ikusi behar duzu zer egiten dituzten handitan!».
Astebeteko etenaren ondoren, berriro ekin dio Israeleko armadak Gaza bonbardatzeari. Joan dira irudi begien gozagarriak, jendea itsasoan jostari, askatuen besarkadak hegalari… eta itzuli da izua. Hildako haurren kontagailua martxan da berriro ere, hemen ez da zoru etikorik. Eta zalantzarik egon ez dadin, ahoan legarrik gabe mintzatu da Avigdor Lieberman, Israeleko Defentsa eta Kanpo harremanetarako ministro ohia: «Gazan ez dago errugaberik».
Aliatu nagusiak isilik dituela, lasai ederrean dabil artzaina zirti-zartaka trenkumearen kontra. Txikituko du bat, txikituko du bestea, Gazan ez baitago errugaberik. Artzainak ez dakit, baina gustura jakin nahi nuke txikizioan babesten dutenek ondo neurtua duten ezingo dituela guztiak suntsitu, eta bizitzen ari direna bizita, zaila izango dutela trenkumeok, handi egitean, ardiak harrapatzeko gogorik ez izatea. Eta orduan, txisteak ez du graziarik egingo.

Trenkumea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu