Haurra nintzela, Cambrilseko kanpin berera joaten ginen oporretan urteak joan eta urteak etorri. Izan genuen aldaketa nabarmenena, kanpin-denda tradizionaletik bigarren eskuko orga-denda batera pasatzea izan zen; alegia, koltxoneta puzgarrietan lo egitetik koltxoi baten antzeko zerbaitetan lo egitera. Pribilegiatua sentitzen nintzen horrelako oporrak izateagatik; izan ere, nire lagun batzuk beraien aitona-amonen herrira joaten ziren arren, gehienek herrian bertan igarotzen zuten udara.
Nire semeak izan dira kanpin batean behin baino gehiagotan, baina ez dute lotarako koltxonetarik ezagutu, bungalowek eskaintzen dituzten erosotasunen truke ordaindu izan baitugu beti. «Nora joango gara aurten oporretara?», galdetzen digute udaberriko lehen loreak usaintzean. Dena baitugu eskuragarri: autokarabanak, lau izarretako hotelak, hegaldiak, jolas-parke, ur-parke eta parke tematikoak. Eta irisgarritasunak asperdura ere sortzen duenez, gozamenaren mugan kokatzen diren bizipen esklusiboak ere eskaintzen zaizkigu geroz eta gehiago: Bahametako luxuzko hotel batean txerri artean egin dezakezu igeri (kasu honetan, txerriak lau hankakoak dira), hormigoizko hodi baten barruan lo egin Austrian...
Guk, txerri eta hormigoizko hodirik ez, baina etxe-trukea deskubritu genuen duela urte batzuk: zu, ezagutzen ez duzun norbaiten etxera joaten zara oporretara eta, hura, zure etxera etortzen da. Merkeagoa eta jasangarriagoa izateaz harago, ez duzu gune turistiko batean ostatu hartzen; eta horrek, lasaitasunaz gain, bisitatzen duzun lekuari beste begirada bat eskaintzeko abagunea ematen du. Auzokideak ezagutu eta zure haurrek euren haurrekin jolasten dute, eta, ohartzerako, Danimarkako garagardoa edanez bertako amatasun baimenez mintzatzen ari zara ondokoaren lorategian, Arizkungo txistorra eta ardo xuria dastatzen jendez beteriko egurrezko mahai luze batean, edo datorren urterako planak egiten Urdiñarbeko lagun egin berrien sukaldean.

LARREPETIT
Trukea baino gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu