Iñigo Aranbarri.

Txalo bero bat

2024ko apirilaren 7a
05:00
Entzun

Garai batean, ez oso aspaldi ere, elkarrizketetan-eta, norbaiti galdetzen ziotelarik nolakoa zen, erantzun antzeko samarrak jasotzen zituen kazetariak: «Hori bestek esan beharko du, ezta?». Alegia, «nola aipatuko ditut inoren aurrean, hori eskatzen baitzabiltza, zein diren nire dohainak? Burutik egin zaigu ala?». Baina antzina lizundu zen legea. Sare sozialetako dinamikek sano lagundu dute horretan. «Barkatu autobonboa» diogu, ondoan norberaren promozioa egiteko. «Neuk ez badut egiten, nork egingo du bestela?».

Txaloekin antzeko zerbait gertatu delakoan nago. Garai batean, ez oso aspaldi ere, txalo besteri bakarrik jotzen zitzaion. Baldar esanda, ondo egindakoa saritzeko modu bat zen, nolabaiteko meritua onestekoa, esker oneko keinu bat. Gauzak aldatuta daude, ordea. Jende aldra biltzen delarik, ohikoa bihurtu da ekitaldia, manifestazioa, elkarretaratzea txaloz amaitzea. Txaloek «Zoazte jaunaren bakean», Agur Jaunak edo Eusko gudariak ordezkatu dute. «Bukatu da» esateko modu bat bihurtu da, besterik gabe.

Euskal Erdian hauteskunde kanpainan gaudelarik, ikusten ari gara ale ederrik, asteak daramatzate entseatzen. Publikorik gabeko oraingo liturgietan ikusten da: txalo hizlariak berak, txalo hizlariaren atzean estrategikoki kokatutako jende zoriontsuak. Txalo eta txalo norberak norberari. «Geuk ez badugu jotzen, nork joko digu ba?».

Eta ez dago horretan alderik batetik bestera. Bizi gaituen garaiaren ikur bihurtu da, agian geure buruaz erakuts litekeen argazkirik, barka, selfierik egokiena. Gero eta mundu motzagoa, hori bai, ezpain irribarretsuetan elkartasuna, justizia soziala eta abar unibertsalak loratzen zaizkigun artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.