Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Txarrenari onena

2018ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Viva Navarra española!» oihukatu zuen igandean Altsasura etorritako munduko hiritar kosmopolita ez nazionalista batek, gorri-horia airean astintzen zuela. Azken bi urteotan, hamaika motibo eman dizkigu Altsasuk, gehienetan nahi gabe, berari begira egoteko. Igandean, autobusetan heldutakoek eskatu zuten arreta, Espainiaren batasuna gogorarazi, Guardia Zibila eta Konstituzioa goraipatu eta herri oso bat hankaz gora jartzeko. Altsasun behar zuen, non bestela.

«Euskalduna da eta harro dago» hitzekin aurkeztu zuten Savater. Filosofoa Europa batuaz mintzatu zen, «norbera nondik datorren inporta ez duen Europa bat» (betiere Espainiatik badator, esan beharrik ez). Identitate, tradizio eta kondairek elkarbizitza hondatzen dutela eta hiritartasuna babestu behar dela. Zeinuak, berriz: besteen identitateez mintzo da Savater, norberarena ez den talde gutxituaren pertenentziaz. Esan beharrik ez den horrek jan egiten duelako boza goratu beste aukerarik ez duen Bestea. Ez dugu muga gehiago ezarri nahi, diote; esan nahi baita aski dutela beraienekin, hesi, tiratzaile eta mugako bertako kanporatzeak barne.

Tamalez, errealitatean badute oinarri bat Savaterren esanek. Geografia gorabehera, Nafarroa Garaiak hurbilago du Murtzia Nafarroa Beherea baino, hizkuntza biekin konpartitu arren. Modu inplizituan egunero sartzen diguten hori baita identitate batzuk indartzeko eta besteak desagerrarazteko modu «naturala» (geure buruari erantzukizuna kendu gabe): ETBko albistegiak jarri eta Rambletako atentatuen urteurrena lehenago aipatzea Maravillas gaztetxearen hustea baino; ehunekoak ematea Espainiaren marko erreferentzialean ari direla aipatu gabe; alderaketak egitea Espainiako eskualdeetako egoerarekin; «euskal» aldiro erabiltzea tokiko zernahi taldez aritzeko eta horretarako beharrik ez ikustea azpian nagusia dagoenean.

Boterea hori baita: norbera ez dena adjektibatzeko ahalmena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.