Ander Perez Argote
LARREPETIT

Uda beti

2023ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Istorioa entzun nuenetik, aldiro kontatu dut, gaia elkarrizketara atera denean: Ingalaterrako bi lagunek, Birminghamekoa bata eta Newcastlekoa bestea, Malagan egin zuten hitzordua orain urte gutxi, askoz merkeagoa zitzaielako Andaluziako hirirako hegazkin txartela, bi hirien arteko trenarena baino. Paradoxak hedabideetara egin zuen salto, egungo turismo basatiaren irudi gisara, eta egon zen kalkuluak egiteko tartea hartu zuenik ere: bi lagunak elkartzeko hegazkin bidaiek 2.246 kilo CO2 isuri zituzten zerura, bi hirien arteko trenak 9 kilo isuriko lituzkeen bitartean. Berriz atera da anekdota aurtengo udan, turismoan geunden bitartean turismoaz eztabaidatzen hasi garenean. Eta akaso hegazkinak hartzeari utzi beharko geniola aipatu eta gero, hurrengo tragoan bertan, hurrengo bidaia zein izan daitekeen pentsatzeari ekin diogu.

Udaroko kontuetako bat da, den bezala pikuaren usaina, piszinetako kloroarena, eguzkitako kremarena, udarekin lotzen duzun bezala Zarauzko malekoiko jatetxeen fritanga usaina, urteak badira ere udan Zarauzko hondartza zapaldu ez duzula. Baina usaindu gabe zenuen aurten oraindik udako ekaitzen usaina, ur tantek zoru beroaren kontra jotzean sortzen dutena. Orain jakin duzu, Enekoitz Telleriak aste honetan bertan idatzitako erreportaje ederrari esker, izena ere baduela lurrin horrek, petrikor. Eta ikasi duzu azalpen zientifikoa ere baduela fenomenoak. Baina ez zaude horretan pentsatzen, orain arte, azken asteetako euri jasa handiek ingurua kolpatu arte, uda osoan ez duzula usaindu baizik. Udaren amaieran etorri behar udarekin hainbeste lotzen duzuna.

Dena erotu denaren seinale bat gehiago, pentsatu duzu. Uda orain hastera doala pentsatu nahiko zenukeen arren. Pentsa, gaur, irailak 8, erraldoiak aterako dira Iruñeko kaleetara. Eta pare bat astetan bueltan datoz sanferminak. Eta, kasu, agian baita hauteskundeak ere. Eta hegazkinak, hegazkinak beti, beti udan bizi nahi eta ezinaren oroigarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.